Gizartea -
Indarkeria matxista
Hiru gizon atxilotu dituzte Iruñean, adingabeen aurkako sexu-gehiegikeriak egotzita
Halaber, beste bi gizonezko ikerketapean daude, adingabeen aurkako sexu-gehiegikeriengatik, haur-pornografiagatik eta haur-prostituzioagatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Poliziak eta Iruñeko Udaltzaingoak hiru pertsona atxilotu ditu eta beste biri deklarazioa hartu die, 16 urtetik beherako neska-mutilen kontrako sexu-gehiegikeria delituak, haur-pornografia eta haur-prostituzioa egotzita.
Udaltzaingoak jakinarazi duenez, bost gizonezkoak mezuak bidaltzeko aplikazioen eta harremanetarako webguneen bidez jartzen ziren adingabeekin harremanetan, eta diruaren truke sexu-harremanak izatea eskaintzen zieten.
Iruñeko zentro terapeutiko batek egindako salaketa baten ondotik hasi zuten ikerketa. Zentro horretako ume batek diruaren truke adinekoekin sexu-harremana izaten zituela onartu ondoren jarri zuten salaketa.
Horren berri jasotakoan, ikerketa jarri zuten martxan eta, biktimen sakelako telefonoak zorrotz aztertuta, aipatu bost gizonezkoak identifikatu zituzten. Esan bezala, horietako hiru atxilotu zituzten eta gainerako biak epailearen esku utzi zituzten, deklarazioa hartu eta gero.
Ikerketak irekita jarraitzen du, eta, ondorioz, ez dute baztertu atxiloketa gehiago izatea.