Gizartea -
Joskintza-denda zaharra
Bost pertsonari ostatu behar izan diete sute baten ondorioz, Intxaurrondon
Suteak ez du inor zauritu, baina kalte material handiak utzi ditu lehen solairuko etxebizitza batean.
Agentziak | Erredakzioa
Bost pertsonari ostatu eman behar izan diete Donostiako Intxaurrondo auzoan, sute baten ondorioz. Gazteen lokal batek su hartu du goizaldean.
Suteak ez du inor zauritu, baina kalte material handiak utzi ditu lehen solairuko etxebizitza batean.
Udaleko iturriek jakitera eman dutenez, sutea Luistarren kalean 04:40 aldera gertatu da, 29. zenbakian, Intxaurrondon. Antza denez, lokala mertzeria zen lehen, baina gazteek alokatu eta erabiltzen dute orain.
Esan bezala, ez da inor zauritu, baina kalte materialak handiak dira, batez ere lehen solairuko etxebizitza batean. Ondorioz, bost pertsonari ostatu eman behar izan diete. Udaltzaingoa sutearen arrazoiak ikertzen ari da.
Martin Ibabe Herritarren Segurtasunerako eta Babes Zibileko zinegotziak azaldu duenez, bizilagunek “susto handia” hartu dute; izan ere, goiko etxebizitzan bizi diren pertsonak “logikoki atseden hartzen ari ziren” ordu horretan. Ibaberen hitzetan, “ suhiltzaileek arazoak izan dituzte, lehendabizi pertsonen segurtasuna bermatu behar zelako”.
Zinegotziak zehaztu duenez, sute “handia izan da toki zail batean”. Suak lokala “erabat kiskali” duela erantsi du Ibabek, eta gaineko solairuetan kalteak izan dira, batez ere ezkerreko lehen solairuan.
Azkenik, nahiz eta etxea hormigoizkoa izan eta “lehen begiratuan egituran aparteko kalterik ez dagoela iruditu, ezkerreko zonaldea habetuko dute, segurtasuna bermatzeko”.