Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Bi gizon atxilotuta Gasteizen bikotekideak jo dituztelakoan
Horietako bat etxearen egongelako armairu baten barruan ezkutatuta topatu du ertzaintzak. Bi atxilotuak, 25 eta 30 urtekoak, epailearen esku utzi dituzte jada.
Erredakzioa
Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen euren bikotekide eta bikotekide ohia jotzea egotzita, Herrizaingo Sailak adierazi duenez.
Ertzaintzak bart jaso du bizilagun baten deia, ohartarazteko emakume bat ohiuka ari zela bere etxebizitzan. Antza, ustezko erasotzaileak ez zion inori atea zabaltzen.
Agenteak bertaratu eta inork ez zien atea ireki, nahiz eta hainbat alditan atea jo eta Ertzaintzako agenteak zirela esan. Ertzainek atea zabaltzeko beharrezko neurriak hartzear zirenean, emakume batek atea ireki zien.
Etxebezitza miatzen ari zirela, apurtutako botila bat eta zenbait objektu aurkitu zituzten lurrean botata. Bat-batean, egongelako armairu baten barruan ezkutatuta, 25 urteko gazte bat topatu zuen Ertzaintzak, ustez, biktimaren bikotekide ohia zena. Gainera, gizonak galarazita dauka emakumearengana hurbiltzea, agindu baten bidez, eta emakumeen kontrako indarkeriari lotuta aurrekariak zituen. Atxilotua epai bat ez betetzea eta genero indarkeria delitu bat leporatu diote.
Bigarren gertaera Zabalgana auzoan jazo zen. Ertzaintzak hara jo zuen auto baten barruan gizon bat bikotekidea jotzen ari zela, emakumea babesten saiatzen zen bitartean, jakin ostean.
Polizia-autoa gertaera izandako lekura hurbildu zen, baina ez zuen inor topatu autoan. Geroago, biktima aurkitu eta ospitalera eraman zuen aurpegian zauri bat baitzeukan.
Agenteek ustezko erasotzailea ere atxilotu zuten, 30 urteko gizonezko bat, genero indarkeria delitua leporatuta. Bi atxilotuak epailearen aurrean izan dira jada.