Gizartea -

Sanferminak 2018

Iruñea Antitaurina elkarteak zezenketarik gabeko sanferminak aldarrikatu ditu

Elkarte horrek emandako datuen arabera, nabarmen jaitsi da zezenketetara joaten diren ikusleen kopurua eta gazten gehiengoa ikuskizun mota honen aurka dago.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñea Antitaurina elkarteak zezenketen kontrako kalejira egingo du sanferminetan, animalien aurkako torturaz ohartarazteko. Mobilizazioa uztailaren 7an izango da eta kalejira Navarreria kaletik abiatuko da.

Zezenketekin berehala amaitzea eskatzen dute, "zezenen kontrako tortura mailarik gorenena suposatzen duelako". Entzierroen eta bigantxen kasuan, berriz, eztabaida prozesu bat abiaraztea proposatzen dute.

"Iruñeko bizilagunak garen heinean, sanferminetan gozatu egiten dugu, baina edonolako indarkeriarik gabeko festak izatea nahi dugu", erantsi du ordezkari batek.

Halaber, sanferminetan animaliak torturatzearen kontra dauden herritarrak gero eta gehiago direla nabarmendu dute. "Animali bat torturatzean eta hiltzean oinarritzen den ikuskizun krudel batez ari gara", esan dute.

Estatuan nahiz nazioartean, zezenketetara joaten diren ikusleen kopuruak nabarmen egin duela behera eta gazteriaren gehiengoa (16 eta 24 urte arteko gazteen % 84) zezenketen aurka dagoela azpimarratu dute.

Hori dela eta, zezenketen inguruko hausnarketa egiteko unea iritsi dela uste dute. "Guztion artean eztabaidatu eta gure festen eredua adostu behar dugu. Zezenak torturatzeari eta hiltzeari utzi eta alternatibak bilatzeari ekin behar diogu", adierazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Sanferminak Gizartea Albisteak Jaiak