Gizartea -
Berrantolaketa
Donostiako Portuko Arrantzaleen Kofradia berreskuratuko dute
Arriola eta Elorza arrantza tradizionala mantentzearen alde agertu dira eta egungo espazioa biziberritu eta eraikinhistoriko batzuk berreskuratzea erabaki dute, hala nola arrantzaleen kofradia.
Erredakzioa
Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuak, Odon Elorza Donostiako alkateak, Eugenio Elduaien Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Federazioko presidenteak eta Manuel María Peña Donostiako Arrantzaleen Kofradiako presidenteak Donostiako portua "optimizatu" eta, "arrantza eta aisia elkarren ondoan eroso egon daitezen", portua berrantolatzeko akordioaren berri eman dute gaur goizean.
Arriola eta Elorza arrantza tradizionala mantentzearen alde agertu dira, eta horregatik, egungo espazioa biziberritu eta eraikin historiko batzuk berreskuratzea erabaki dute, hala nola arrantzaleen kofradia.
Aldi berean, portuko zerbitzuak modernizatzearen alde agertu dira, portuko operazioetan segurtasun eta eraginkortasun handiagoa izateko eta bertan turismo-zerbitzuak eskaini ahal izateko.
Horrela, akordioaren baitan zehaztu da arrantzaleen biltegia Eusko Jaurlaritzari lagako zaiola, birmoldatu, egokitu eta hobetu dezan, Gipuzkoako Portuen Lurralde Zerbitzuaren egoitza eta Euskadiko Kirol Portuen (EKP) egoitza bertan jartzeko.
Halaber, arraina saltzeko lonja birmoldatu egingo da guztiz, arraina saltzeko eta arrantzaren inguruko zerbitzuak ez ezik, turismo-zerbitzuak eskaintzeko eta, hartara, hiriari balio erantsia emateko.
Gainera, arrantza-kaia birmoldatu egingo da, arrantza-ontziek betiko inguruan jarrai dezaten eta, aldi berean, espazio berriak sortu, pasaeran datozen ontziei ere pantalanak eskaintzeko.
Pantalanen eskaintza hori Donostiak eskaini ahal izango duen beste elementu erakargarri izango da, eta aldi berean, arrantzaleek bere jarduna erosotasunez eta eraginkortasunez burutu ahal izango dute.
Pantalan berrietako obrak 2011ko uda baino lehen hasiko dira, eta proiektuaren xedea izango da amarraleku berrietarako beste 120 metro lortzea. Biltegiaren birmoldaketa datorren urtean zehar egingo da, eta lonjarena 2012an zehar.