Gizartea -

2010-2011 ikasturtean

Jaurlaritzak 11 milioi bideratuko ditu udal euskaltegiak laguntzeko

"Euskararen alde" euskaltegiek egiten duten "funtsezko lana" goraipatu du gaur Urgell sailburuak Donostian egin duten agerraldian.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udal euskaltegien finantzaziorako akordioa sinatu dute gaur Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eta Eudeleko presidenteak. Dokumentuaren arabera, Gobernuak 11,2 milioi euro bideratuko ditu ikasleen soldata gordinak eta aintzinatasuna ordaintzeko.

Blanca Urgell sailburuak eta Jokin Bildarratz Eudeleko presidenteak kordioaren garrantzia azpimarratu dute, batetik Udal euskaltegien egoera "argitu" egiten duelako eta, bestetik, datorren ikasturterako iragarri zuten diru murrizketa espero baino txikiagoa izango delako: % 12,5eko murrizketa iragarri zuten, baina azkenean % 1,96koa izango da.

Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak euskaltegiek egiten duten "lan itzela" goraipatu du. "Euskarari bultzada emateko euskaltegiek egiten duten lana ezinbestekoa eta goraipatzeko modukoa da. Eskerrak beraz, egunero-egunero euskaltegietan buru-belarri lanean ari zareten guztioi. Krisi ekonomikoak eragindako koiuntura ez da xamurra, eta ahalegin izugarria egin dugu euskaltegiei ahal izan dugun gutxiena eragiteko", adierazi du.

Helburu hori betetze aldera, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta HABEk euskarazko eskolen eskari homologatu osoa arduratzeko behar diren giza-baliabideen soldata gordinen eta antzinatasunaren kostua finantzatuko dute, aldez aurreko neurririk aplikatu gabe.

Finantzaketa hori HABEren deialdiaren bitartez gauzatuko da. Gainera, udal euskaltegietan dituzten matrikula-sarrerengatik aplikatzen den kenketa ezabatu egingo du.

Eudelek, bere aldetik, udalek euren udal euskaltegietako baliabideak euskara-eskolen eskari homologatu errealera egokitu ditzaten bultzatuko du, horretarako egon daitezkeen aukera desberdinak erabiliz.

Akordioaren sinaketan beste zenbait neurri eta ekimen ere adostu dira. Besteak beste, eta HABEren sorrera legean jasota ez badago ere, Eudelek ordezkari bat izango du aurrerantzean HABEren Zuzendaritza Batzordean.

Horrez gain, ikas-materialei dagokienez hiru egitasmo jarriko dira martxan. Batetik, BOGA programa eguneratuko da; bestetik, autoikaskuntzarako planteamenduarekin, sarean, doan eta tutorizazio beharrik gabe, 60-80 orduko moduluak egingo dira alor profesional zehatzei zuzenduak; azkenik, testu-liburu bat egingo da euskarazko lehen mailen irakaskuntzari zuzendua.

Diru-baliabideei dagokienez, ikasturteko lehen hiru hilabeteei dagokien ordainketa zuzenean egin zaie euskaltegiei; aldiz gainerantzeko hilabeteei dagokiena deialdi bidez egingo da 2011. urteko lehen hilabeteetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea