Gizartea -
'Jaioberri txekea' amaitzear
Emaginak: '2.500 eurogatik, ez du pena merezi arriskatzea'
Emaginen Espainiako Elkarteak ohartarazi duenez, zesarea eginez gero zazpi aldiz handiagoa da ama hiltzeko duen arriskua.
Erredakzioa
Abenduaren 31 urteko azkeneko eguna ez ezik, Espainian jaiotza-tasa sustatzeko gizarte neurrietako baten amaiera data ere bada, ''jaioberri txekea''rena, hain zuzen ere.
Urtearen amaieran edo 2011ren hasieran erditzea aurreikusita duten emakumeetako batzuk lehenago erditzea aztertzen ari dira ''jaioberri txeke''a jasotzeko. Horren aurrean, zesareak ama hiltzeko duen arriskua "zazpi aldiz" handitzen duela ohartarazi du Emaginen Espainiako Elkarteak.
Ángeles Rodriguez elkarteko presidenteak ziurtatu duenez, "ez nuke inoiz beharrezkoa ez den zesarea bat egitea aholkatuko, azken batean 2.500 euro horiek ez baitute dena konponduko"; horrez gain, behar baino lehenago jaiotako haurrek arnasa hartzeko arazoak izan ditzaketela gaineratu du.
Halaber, Rodriguezen iritziz, laguntza ekonomikoak beste era batekoa izan beharko luke, murriztailea, "benetan behar duten pertsonentzat". Haren ustez, badaude nahikoa baliabide ekonomiko dituzten herritarrak.
Gainera, Rodriguezek adierazi duenez, sustapen-neurria askoz ere denbora gehiagorako luzatu zitekeen. Bestalde, profesionalek ere "errua" dutela onartu du, ez baitute zesareak dakartzan "arriskuen mailaren" inguruko informazio egokia eman.