Gizartea -

Emakumeen kontrako indarkeria

2010ean ugaritu egin ziren indarkeria matxistaren biktimak

EAEn bost pertsona hil zituzten gizonezkoek. Estatuan ere gora egin du hildakoen kopuruak 2009aren aldean, izan ere, abendua aurretik jada 75 baino gehiago ziren.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elena Calek 45 urte zituen bikotekideak labankadaz hil zuenean, urtarrilean, Tolosan. Amelia Sanchez, 65 urteko emakumea, semeak emandako sastakadaz hil zen Barakaldon. Isabel Velezek 48 urte zituen semeak labanaz hil zuenean. Amelia Amayari, 36 urteko emakumeari, heriotza eragin zion jipoia eman zion bikotekideak eztabaida baten ostean. Cristina Estebanez ere bikotekide ohiaren labankadaz hil zen iragan abenduaren 7an, 25 urte besterik ez zituenean.

Hori horrela, bost dira 2010ean emakumeen kontrako indarkeriarengatik hil ziren emakumeak, 2009an hildakoen bikoitza baino gehiago.

Abendua arte, 3.543 indarkeria kasu ezagutu dira EAEn. Lurraldeka banatuta, 525 Araban, 1.930 Bizkaian eta 1.088 Gipuzkoan izan dira. Nafarroan guztira biolentzia jasan duten 1.046 emakumeren berri izan da. Kasuen kopurua, ordea, jaitsi egin da, % 9,34 hain zuzen ere, 2009. urtearekin alderatuz.

Espainiako Estatuan 75 emakume hil ditu aurten indarkeria matxistak abendua arte, iaz baino 20 gehiago.

Hezkuntza

Gertakari matxista horiei aurre egiteko neurri gisa, Eusko Jaurlaritzak 563 erasotzaileri zuzendutako hezkuntza ariketak egin ditu 2006tik gaur arte portaera oldarkorrak dituzten gizonak bideratzeko.

Bikotekideei tratu txarrak eman dizkieten pertsonak dira horiek eta egin dutenaren jabe izan daitezela da lehenengo helburua, eta ideia matxistak burutik kentzen saiatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea