Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Bikotekideak sastakaiaz emakume bat zauritu du Bilbon
Gertakariak Amezola auzoan jazo dira. Antza denez, eztabaida baten ostean, gizona emakumeari erasotzen saiatu da, baina auzoko bizilagun batek eragotzi dio.
Erredakzioa
22 urteko gazte bat atxilotu du Ertzaintzak arratsaldean, Bilboko Amezola auzoan bikotekideari sastakaiaz eraso egin ostean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez. Ondorioz, gorputzaren ezkerraldean zauria jaso du emakumeak eta ospitalera eraman behar izan dute. Atxilotuak kautelazko neurriak zituen eta ezin zen biktimarengana hurbildu.
Gertakariak Bilboko Amezola auzoan jazo dira. Dirudienez, eztabaida baten ostean, gizona emakumeari erasotzen saiatu da, baina auzoko bizilagun batek eragotzi dio. Emakumea ihes egiten saiatu da, baina bikotekideak harrapatu eta sastakaia gorputzaren ezkerraldean sartu dio.
Larrialdi zerbitzuei eta Ertzaintzari abisua eman diete auzoko bizilagunek. Ertzaintza berehala bertaratu da eta erasotzailea atxilotu du, labana oraindik eskuetan zuenean.
Bien bitartean, biktima artatu eta Gurutzetako ospitalera eraman dute larrialdi zerbitzuek. Ospitalean ebakuntza egin behar izan diote.
Erasotzailea atxilotu eta polizia-etxera eraman dute. Bertan azaroaz geroztik atxilotuak biktimarengana hurbiltzeko debekua zuela egiaztatu du Ertzaintzak.