Gizartea -

Urteko balantzea

EAEko errepideetan 67 pertsona hil dira, 2009. urtean bezain beste

Nafarroan, berriz, hildakoen kopurua % 70 murriztu da. Espainiako errepideetan 1.730 lagun hil dira 2010ean, aurreko urtean baino % 9,1 gutxiago.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan hildakoak eragin dituzten istripuak gutxitu egin dira 2010. urtean, baina aurreko urtean adina heriotza eragin dituzte. Orotara 67 pertsona hil dira EAEko errepideetan azken 12 hilabeteetan zian diren 55 istripu larrienetan, Herrizaingo Sailak azaldu duenez. Nafarroan 38 hildako izan dira, aurreko urtearekin alderatuz % 70 gutxiago.

Bestalde, 2010. urtean 1.730 pertsona hil ziren Estatuko errepideetan, aurreko urtean baino % 9,1 gutxiago (1.903 lagun hil ziren trafiko istripuetan 2009. urtean). Azken bost urteetan izandako jaitsierarik baxuena izan da, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak azaldutakoaren arabera.

Espainiako Gobernuak trafiko balantzea aurkeztu du gaur eguerdian. Orotara 7.954 pertsona larri zauritu ziren Estatuko errepideetan. Zazpigarren urtez, hildakoen kopurua jaitsi egin da Estatuan.

Azken bost urteetako balantzea ere aurkeztu du Rubalcabak: 2009an % 13 jaitsi ziren hildakoak aurreko urtearekin alderatuz; 2008an % 20,4 murriztu ziren; 2007an % 9,1 eta 2006an, berriz, % 9,5 hildako gutxiago izan ziren Espainiako errepideetan.

EAEko datuak

2010ean, EAEko errepideetan izandako zirkulazio istripuetako hildakoen kopurua ez da aldatu, 2009ko datuekin alderatuta. Azken urteotan jaitsiera jarraitua izan ondoren, 2010ean, hildakoak eragin dituzten istripu gutxiago izan dira EAEn, baina aurreko urtean baino hildako kopuru berdina izan da, 67 pertsona.

Izandako 8 istripu anizkoitzetan bi pertsona edo gehiago hil zirela da 2010eko istripuen artean nabarmenena, Jaurlaritzaren aburuz. Apirilaren 8an eta 17an, Gipuzkoan hildakoak eragin zituzten bi istripu egon ziren, eta zortzi pertsonek bizia galdu zuten, lau pertsona ezbehar bakoitzean. Hildakoak eragin dituzten istripuak murriztu arren hildakoena mantendu dela azaltzen du horrek.

2009an, hildakoak eragin zituzten istripuak ez ziren anizkoitzak izan, hildako bat erregistratzen zen istripu bakoitzeko; bi kasutan izan ezik, horietako bakoitzean bi hildako egon ziren. 2008an, hildakoak eragin zituzten 5 istripu anizkoitz izan ziren, horietako batean 3 pertsona hil ziren.

Datu hauek Ertzaintzak eta Udaltzaingoak erregistratutako istripuei buruzkoak dira, hau da, istripu guztiak hartzen ditu barne, hiriko eta hiriarteko errepideetan izandakoak.2010ean 52 pertsona hil dira hiriarteko errepideetan (2009an baino bi gutxiago), eta udaltzainek, euren aldetik, 15 hildako erregistratu dituzte (2009an baino bi gehiago). Horrek 2009an izandako kopuru berdina dela esan nahi du; 67 hildako.

2010ean hildakoak eragin dituzten istripuen eta larri zauritutakoen kopurua gutxitu da, 2009an baino bederatzi istripu gutxiago (guztira 55, eta 2009an 64 istripu erregistratu ziren). Gutxiagotze hori, hiriarteko errepideetan nabaritu da batez ere. Ertzaintzak hildakoak eragin zituzten 52 istripu erregistratu zituen 2009an, eta 2010ean 40 izan dira. Hiriko errepideetan berriz, 2009an 12 istripu izatetik 2010ean 15 izatera pasa da. Zaurituen kopuruari dagokionez, aurten 328 pertsona larri zauritu dira, eta aurreko urtean 400 pertsona izan ziren.

Hildakoen ezaugarriei dagokienez, hil ziren 67 pertsonetatik, 44 istripua izan zuten ibilgailuen gidariak ziren (40 gizon eta 4 emakume), 9 bidaiariak eta 14 pertsona kolpatuta hil dira (10 gizon eta 4 emakume).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea