Gizartea -
Gabon Zaharrean
Hiru gazte atxilotu dituzte Getxon, bost udaltzaini erasotzea egotzita
Lonja baten inguruetara joan zirenean, poliziek irainak eta kolpeak jaso zituzten, Getxo Udalak jakinarazi duenez.
Erredakzioa
Hiru gazte atxilotu dituzte Getxon urteberri goizean bost udaltzaini erasotzea eta zauriak egitea leporatuta. Udalak ohar batean jakinarazi duenez, Illeta kalean gertatutako istiluen ondorioz atxilotu zituzten.
Auzotar batek poliziari deitu zion istiluak salatzeko. Deia Udaltzaingora egin zuten esanez urteko azken gauean herriko gazteek erabili ohi duten lonja baten inguruetan liskar bat gertatzen ari zela.
Udaltzain talde bat gerturatu zen aipatu lonjara baina ez zuten ezer arrarorik ikusi, lokalaren kanpo aldean gazte talde txiki batzuk zeudela salbu.
Udalaren arabera, etxabe horren barruan gertatzen ari zitekeenaren berri jasotzera hurbildu ziren unean, lokalaren barruan zeuden beste gazte batzuk udaltzainak zirikatu, iraindu eta erasotu zituzten, eta horren ondorioz, "eta gertaerak larriagotzen ari zirela ikusita, Udaltzaingoaren patruila gehiagoren presentzia, baita Ertzaintzarena berarena ere, beharrezkoa egin zen".
Aipatu gertaeren ondorioz, hiru gazte atxilotu egin zituzten polizien aurkako erasoa egin zutela egotzita. Bost udaltzain zaurituta geratu ziren. Medikuaren laguntza behar izan zuten.
Atxilo eramandako hiru gazteak bestalde, eta dagozkion diligentziak bideratuta, aske utzi zituzten hilaren 1ko gauean bertan, agintari judizialek noiz deituko zain.
Istiluak gertatu ziren lokalaren egoera administratiboari dagokionez, eta bere aurkako beste salaketa-agiri batzuk bideratu direnez gero, Udalak bere egoerari buruz hartu beharreko neurriak hartuko ditu.