Gizartea -

Zentro kontrolatuak

Errefuxiatu bakoitzeko 6.000 euro emateko asmoa du Bruselak

Bestalde, Afrikako iparraldean “lehorreratze zentroak” sortzea proposatu du Europako Batzordeak.

Errefuxiatu-gune bat Sirian. Artxiboko irudia: Agentziak
Errefuxiatu-gune bat Sirian. Artxiboko irudia: Agentziak
Errefuxiatu-gune bat Sirian. Artxiboko irudia: Agentziak

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasunean migratzaileen 'zentro kontrolatuak' finantzatzeko proposamena jakitera eman du astearte honetan Europako Batzordeak. Horrela, erreskate barkuei lehorreratzeko baimena ematen dieten Mediterraneoko herrialdeak lagundu nahi ditu Bruselak. Gainera, Estatu kide batek onartzen duen errefuxiatu bakoitzeko 6.000 euroko diru-laguntza emango du Europako Batzordeak.

Zentroak Estatuek kudeatuko dituzte, baina Batzordearen eta Europako agentzien “erabateko babes” logistiko eta ekonomikoa izango dute. Horrela, portuetan, Frontexek, Europolek eta Europako Asilo Laguntzarako Bulegoak zehaztuko dute nazioarteko babeserako eskubidea duten etorkinak eta jaioterrira itzuliko diren pertsonak.

Litekeena da, EBk aldi baterako neurriak datozen egunetan onartzea; Mediterraneoko uretan erreskatatutako migratzaileen lehorreratzea antolatzeko lankidetza marko berri bat “lehenbailehen” martxan jartzeko; izan ere, EBren babes ekonomikoa eta logistikoa zehaztu dute dagoeneko.

Bestalde, Afrikako iparraldean “lehorreratze zentroak” sortzea proposatu du Europako Batzordeak, Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziarekin eta Migraziorako Nazioarteko Erakundearekin “lankidetza estuan”. Europan izango diren zentroen osagarri bezala funtzionatuko lukete.

Estatu kide bateko erreskate ontziek nazioarteko uretan erreskatatzen dituzten migratzaileak Afrikako iparraldeko herrialde seguruetan lehorreratzeko  aukera izango dute, Aljeria, Tunisia edo Egipton esaterako. Hala ere, herrialde horiek zentroak hartzea onartu beharko dute.

Uztailaren 30ean bilera egingo dute Genevan. EBko Estatu kideak, Mediterraneoko herrialde guztiak, Afrikako Batasuna, Nazio Batuen Errefuxiatu Agentzia eta Migraziorako Nazioarteko Erakundeko ordezkariak bilduko dira, lankidetza estrategia eragile guztiekin eztabaidatzeko asmoarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Europar Batasuna Migrazioa Gizartea Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Errefuxiatuak azken ordukoa