Gizartea -

LAPURRETA BARRIKAN

Arriskutik kanpo dago atzo bere etxean larri zauritu zuten ertzaina

Etxera lapurtzera sartu zitzaizkion bi gizasemeri aurre egin, eta eraso egin zioten. Bi erasotzaileak epailearen aurrera eramateko zain daude.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo bi gizon gaztek Barrikako bere etxean larriki zauritutako ertzaina arriskutik kanpo dago, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak asteazken honetan jakinarazi duenez. Erasotzaileak, Getxoko ertzain-etxean daude, epailearen aurretik noiz igaroko zain.

Erasoa 16:00ak aldera gertatu zen, Barrikako Mendieta auzoan. Ertzainak bi pertsona arrotz harrapatu zituen bere etxeko garajean, lapurreta egiteko asmotan, itxuraz. Bi gizonek aurre egin zioten, eta bederatzi aldiz sastatu zuten "tamaina txikiko objektu fin batekin", tartean, biriketan eta saihets aldean. Zauritua anbulantzian eraman zuten Urdulizko ospitalera, baina handik gutxira Gurutzetako ospitalera eraman zuten.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, erasotzaileek oinez ihes egin zuten, eta agentea horien atzetik abiatu zen autoz, trenbidearen inguruan harrapatu zituen arte. Polizia gisa bere burua identifikatu ostean, bi gizonak atxilotzen saiatu zen. Orduan oraindik argitu gabeko objektu batekin eraso egin zioten. Segidan, Urduliz aldera eta gero Berangora ihes egin zuten.

20:00ak baino minutu batzuk lehenago eta, hiru ordu baino gehiagoko jazarpenaren ostean, Ertzaintzak Berangoko merkatalgune bateko parkingean aurkitu eta atxilotu zituen 22 eta 24 urteko bi gizasemeak, homizidio saiakera eta lapurreta delituak leporatuta.

Bi atxilotuek aurrekariak dituzte jabetzaren kontrako delituengatik. Halaber, erasoa egiteko erabilitako objektuaren bila ari da Ertzaintza.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Azken ordukoa Bizkaia Delituak bideoak Gizartea Albisteak Gaur Plentzia albisteak Albisteak Berango albisteak