Gizartea -
Gertakaria
Gazte iruindar batek 11 egun daramatza desagertuta
Darwin Fernando Piedrak 18 urte ditu eta gurasoak ziur daude gazteak ez duela nahita alde egin. Familiak bi telefono jarri dituzte mutikoaz zerbait dakienarentzat: 948060792 eta 676119098.
Erredakzioa
Darwin Fernando Piedra 18 urteko iruindarrak 11 egun daramatza desagertuta, abenduaren 26tik hain zuzen ere.
Elkarretaratzea deitu dute Eguberri egunaz geroztik falta den gaztearen alde, izan ere, mutilaren familia ziur da gazteak ez duela nahita alde egin.
Darwin Fernando Piedraren auzoan bertan, Sanduzelain, deitu dute elkarretaratzea arratsaldeko hiruretan. Haren lagunek egin dute deia, mutilaren arrastorik gabe 11 egun betetzen diren honetan. Darwinen lagunen ekimena da berau, lur jota dauden gurasoei laguntza emateko asmoz egina. Izan ere, 18 urteko gaztearen familiak ez daki zer pentsatu. Baina, seguru daude semeak ez duela bere kabuz alde egin. Horretarako motiborik ez zuela esan du Darwin Humberto Piedra desagertuaren aitak.
Semea bahitu dutela, drogatu dutela edo errekara erori dela pasatu da mutilaren gurasoen burutik. Faltatu zen egunetik, eguberri egunetik, dei mordoska izan dute mutilaren etxean, baina alferrikakoak denak. Hortaz, gurasoek diote deitu baino lehen ziurtatzeko mutilak "F" handi bat duela tatuatua eskuineko eskumuturrean.
Lagunek mutilaren amari esan ziotenez, goizeko laurak arte Donibane auzoko ostatuetan ibili zen, eta gero, nahasia zegoela eta non zegoen ere ez zekiela adierazi omen zion telefonoz beste lagun bati.