Gizartea -
Nafarroa
Zizur Nagusian 10 hektarea kiskali dituen sutea nahita eragin zutela uste dute
Foruzaingoaren iritzian, hiru gaztek piztu dute sua, hasi aurretik han ikusi baitzituzten. Sua Lizarra, Tafalla eta Cordovillako suhiltzaileek itzali dute, hegazkin eta helikopteroen laguntzarekin.
euskadi irratia | erredakzioa
Sute batek 10 hektarea kiskali zituen atzo, asteazkena, Zizur Nagusian (Nafarroan), eta hainbat herritarrek une larriak bizi izan zituzten, etxetik 30 metro eskasera ikusi baitzuten sua.
Foruzaingoaren arabera, gainera, nahita eragindako sutea izan da. Ikerketaren lehen ondorioen arabera, hiru gaztek piztu dute sua, lehenago sutea piztu den tokian ikusi baitituzte.
Nekazaritzarako erabiltzen den lur sail handia erre da sutean, eta su garrak etxetik oso gertu ikusi dituzte Zizur Nagusiko herritarrek.
Itzaltze lanetan Cordovillako, Lizarra eta Tafallako suhiltzaileak bertaratu dira sei ponpa-autorekin, baita zisterna batekin ere, eta beste zazpi ibilgailurekin.
Gainera, BRIFeko bi unitatek jo zuten, bi helikopterorekin, eta Noaingo Aireportuan egoitza duen Azor hegazkinarekin.
SOS Nafarroa zerbitzuak 19:50 inguruan jaso zuen abisua eta 20:00ak aldera Zizurreko igerilekuak jendez hustu zituzten, helikopteroek ura har zezaten.
Gobernu nafarraren esanetan, haize bortitzak sua arin hedatu zuen, baina 21:30etarako kontrolpean eta itzalita geratu zen.