Gizartea -
Gipuzkoa
Lapur bat atxilotu dute Pasaian, bizilagun batek trastelekuetan giltzapetu ostean
Zarata entzun eta gero, etxebizitza eraikin bateko bizilagun batek ateak indarrez irekitzen ari zen gizon bat giltzapetu du trastelekuak dauden lekuan, eta abisua eman dio Ertzaintzari.
agentziak | erredakzioa
Ertzaintzako agenteek 47 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo goizaldean, osteguna, Pasaian (Gipuzkoa), etxebizitza eraikin bateko trastelekuetan ustez lapurtzen harrapatu eta bizilagun batek bertan giltzapetu ostean, Segurtasun Sailak ohar baten bidez zabaldu duenez.
05:30 inguruan, ostegunean, Pasaiako bizilagun batek Ertzaintzara deitu du pertsona bat eraikineko trastelekuetan lapurtzen ari zelakoan. Antza, zarata entzun zuen trastelekuak dauden lekuan, eraikineko azken solairuan, eta hara joan zenean atea irekita topatu zuen; hortaz, atea itxi eta atera ezinik utzi zuen barruan ustezko lapurra.
Inguruan zegoen patruila bat bertaratu zen, eta agenteak trastelekuak dauden lekura joan ziren eta han gizonezko bat topatu zuten. Hasieran, gizonak esan zuen lotan zegoela, baina agenteek lekua arakatu eta hainbat ate indarrez irekita zeudela ikusi zuten. Gainera, gizon horren ondoan eskularruak eta palanka bat aurkitu zituzten.
Hala, ustekoz lapurra atxilotu zuten lapurreta indarrez egitea egotzita, eta polizia-etxera eraman zuten ondoren, izapideak abiarazi eta epailearenera eramateko.