Gizartea -

Uztailak 28 eta 29

160.000 ibilgailu espero dira Biriatuko mugan asteburu honetan

Irungo ordainlekuko hamahiru kabinak irekita egongo dira. Txanpon aldaketa errazteko eta trafikoa arintzeko prezioa beherantz borobildu da, 2,52€tik 2,50€ra, hain zuzen ere.

Auto-ilara luzeak Biriatu inguruan. Artxiboko argazkia: EiTB
Auto-ilara luzeak Biriatu inguruan. Artxiboko argazkia: EiTB
Auto-ilara luzeak Biriatu inguruan. Artxiboko argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbata eta igandea bitartean 160.000 ibilgailu baino gehiago espero dira Biriatuko mugan.  Hala jakinarazi du Bidegik, AP-8 eta AP-1 autobideak kudeatzen dituen Gipuzkoako azpiegituren agentziak.

Asteburu honetara begira egindako aurreikuspenen arabera, 111.200 ibilgailu inguru Behobiatik Donostiara noranzkoan ibiliko dira, eta gainerakoak Baionarantz joango dira. Baliteke uztailaren 28an pilatzea trafiko gehiena, larunbat honetan bertan  espero baita 58.300 ibilgailuren joan-etorria. Aurten uztailaren 31a asteartea izanik joan etorri handiak izango dira astelehenean eta asteartean. Bi egun hauetan beste 88.400 ibilgailuk igaroko dute Irungo ordainlekua.

Arrazoi horiek direla eta, Irungo ordainlekuko hamahiru kabinak irekita egongo dira. Horietatik, zortzi Iparraldetik datorren trafikoa kudeatzeko prestatuta egongo dira, eta gainerako bostak Behobia aldera doazen ibilgailuentzat.

Hamahiru postuak ordainketa mota guztiak onartzeko prestatuta egongo dira: Abiatu gailua, kreditu eta zordunketa txartelak, dirua eta Via-T. Zarauzko ordainlekuan ere bitarteko gehiago jarriko dira.

Bestalde, eta trafikoa ez moteltzeko, Behobiatik Irungo ordainlekura heldu aurretik, aurten ere informazio panela lau hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez) ipini dute, ordaindu beharreko kopuruaren berri emanez eta erabiltzaileek dirua prest eduki dezaten.

Halaber, prezioa beherantz borobildu da, 2,52€tik 2,50€ra, hain zuzen, txanpon aldaketa errazteko eta trafikoa arintzeko. Tarifa berria irailaren 2ra arte egongo da indarrean.

Aurten, Maltzagan, AP-8 eta AP-1aren arteko lotunean, Bilborantz edota Algeciras bidean doazen ibilgailuek bi errei noranzko bakoitzean eta seinaleztapen berriak izango dituzte. Bidegik hiru milioi euro baino gehiago bideratu du AP-8ko galtzada 380 metrotan luzatzeko, lotunea zabaldu eta zirkulazioa hobetzeko asmoz.

Biriatun egon daitezkeen kontrolek ibilgailuen joan-etorrian eragina izan dezaketenez, nortasun agiria edota pasaportea eskura izatea aholkatu du Bidegik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripu Hilgarriak Trafikoa Donostia argazkiak Albisteak Gipuzkoa Iparraldea albisteak Hendaia albisteak Zarautz argazkiak Gizartea Gipuzkoako trafiko telefonoa Trafikoko web-kamerak Bilbon Irun bideoak Albisteak