Gizartea -
Tenperatura altuak
Udako lehenengo bero bolada ekarriko du abuztuak
Ostegunetik aurrera, 40 gradu inguruko tenperaturak aurreikusten dira barnealdean. Astelehenera arte iraun dezake beroaldiak.
Agentziak | Erredakzioa
Abuztuarekin batera helduko da udako lehenengo bero bolada Euskal Herrira. Tenperaturen mailakako igoerak urteko lehenengo beroaldia ekarriko du asteko bigarren erdian.
Egonkortasun atmosferikoa, intsolazio gogorra eta Afrikatik etorritako aire beroa dira egoera honen arrazoiak. Tenperatura maximoak 40 graduetatik gertu egongo dira barnealdean, eta 30etik gora kostaldean.
Minimoak, gainera, 20tik gora mantenduko dira, eta horrek lo egitea zailtzen dituen "gau tropikalak" sortuko ditu.
Aemetek abisu horia aktibatu du, asteazkenerako, Erriberan, tenperatura altuengatik. Ostegunean alerta laranjara igoko du arrisku maila Erriberan, eta gainera, abisu horian jarriko ditu Nafarroako erdialdea, Pirinioak eta Arabako Errioxa.
Zeruak oskarbi egongo dira, goi hodei eta bero hodeiak sortzeko probabilitatearekin gune menditsuetan.
Adituen gomendioen artean daude arropa freskoak eta argiak erabiltzea, gatz mineraletan aberatsak diren janari arinak jatea, ur asko edatea, azala eta burua estaltzea eta eguzkipean kirolik ez egitea.