Gizartea -

Harrera sare herritarra

Bidean dauden migratzaileen egoerak 'gainezka egin du' Irunen eta Donostian

Aterpetxeak beteta daude eta pertsona askok geltokian egiten dute lo. Gainera, ohartarazi dutenez, egoerak "okerrera egingo du datozen egunotan"; hori dela eta, laguntza eskatu diete erakundeei.

Migratzaileak EAEn, aurreko astean. EiTBren bideo batetik hartutako irudia
Bidean dauden dozenaka migratzaile, Euskadiko kaleetan
Erakundeen laguntza eskasa salatu du SOS Arrazakeriak Irunen

1:24

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irunen eta Donostian bidean dauden migratzaileak hartzeko baliabideen egoerak "gainezka egin du", Donostiako harrera sare herritarrak salatu duenez.

Ohar baten bidez zabaldu dutenaren arabera, bart Zorroagako (Donostia) Gurutze Gorriko egoitzan dagoen gazte baten deia jaso dute, asteleheneko 08:00etan alde egin beharra zuelako.

Donostiako harrera sare herritarreko kideak Gurutze Gorriak Zorroagan duen egoitzara joan dira, eta "40 pertsona migratzailerekin" egon dira bertan.

"Erdiaren asmoa muga zeharkatzea da, eta Irunera joan dira. Irungo harrera sare herritarreko kideekin jarri ditugu harremanetan", azaldu dute.

Irungoek salatu dutenez, "egoerak gainezka egin du, astelehen goizean 30 pertsona zeuden geltokian lo egiten, aterpetxean zeudenez gain". "Egunean zehar jende gehiago heldu da, eta Frantziako jendarmeek mugatik pasatzen utzi ez dituenak ere helduko dira", adierazi dute.

Sare herritarraren esanetan, Donostian harremanetan egon dira pertsona batzuekin, eta horiek "Espainian geratzeko asmoa zuten", "batzuek senideak eta ezagunak" baitituzte, baina "ez diete galdetu nora joan nahi duten, eta autobus batean sartu dituzte, haiei ezer esan barik". "Espainiako Poliziari itzultzeko agindua ere ez diote eman", azaldu dute.

"Horietako bik zaindu gabeko zauriak zituzten, eta ospitalera eraman behar izan dituzte", erantsi dute. Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren arabera, Donostian prestatu duten zentroan "Gurutze Gorriak beste leku batzuetatik bidalitako pertsonak baino ez ditu artatzen, eta besteak zerbitzu barik geratzen dira". "Erakundeek epea 3 egunetik 5era zabaltzeko egin duten proposamena ez dator bat errealitatearekin", gaineratu dute.

Halaber, horien hitzetan, egoerak "okerrera egingo du datozen egunotan, eta beharrezkoa da erakundeek arin erantzutea". "Erakundeek egoera honen berri izan dute gaur goizeko lehen orduan, eta ezinezkoa izan da erantzunik jasotzea", salatu dute.

Erakundeen erantzuna

Migratzaileen arretarako Gipuzkoako koordinazio mahaiak (Jaurlaritza, Aldundia, Donostiako eta Irungo Udala, eta Gurutze Gorria) argitu du azken asteotan iritsi diren migratzaileak "artatzeko lanean" jarraitzen duela.

Elkarte eta alderdi batzuek egindako kritikei erantzun die mahaiak ohar batean.

Erakunde publikoak barne hartzen dituen koordinazio mahaiak azaldu duenez, Gipuzkoak 50 harrera plaza ditu gaur egun, baina 70era igo daiteke kopurua. Ekainaren amaieran 25na plaza jarri zituzten Donostian eta Irunen.

Koordinazio mahaiaren helburua Andaluziako kostara pateran iristen diren eta bidean dauden migratzaileen arreta bermatzea da, eta horretarako "giza euskarria ematen zaie oinarrizko beharrak asetzeko, eta informazioa eta orientazioa".

Mahaiak zehaztu du Gurutze Gorriak osasun arreta eskaintzen diela denei, eta kasu batzuetan larrialdi zerbitzuetara ere eramaten dituztela (Donostiara iritsi ziren 40tik 19ren kasuan).

Migratzaileei hiru egunez lo egiteko aukera ematen zaie, baina 5 egunera luzatzeko aukera dute plazak libre badaude. Era berean, bertan geratzeko asmoa agertzen dutenei laguntzeko baliabideak lantzen ari omen dira.

Mahaiak azpimarratu du azken hilean "aparteko migrazio fluxua" dagoela, eta horregatik, "astero" elkartzen direla arreta koordinatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Migrazioa Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak