Gizartea -
Eguraldia
Nabarmen egingo dute behera tenperaturek, 10 ºC inguru, atzoko sargoriaren ostetik
Iruñean salbu (36 ºC-ko maximoak), gainerako hiriburuetan ez dira 30 graduak gaindituko. Atzo goia harrapatu zuten termometroek: 39,4 ºC neurtu zituzten Azpeitian, eta 39 ºC, Bilbon.
Eider Garaikoetxea | EITB.EUS
Nabarmen, 10 ºC inguru leku askotan, jaitsiko dira astearte honetan termometroak, eta atzean geratuko da atzoko bero sapa. Hala, Donostian eta Bilbon 24-25 graduko maximoak izango dituzte. Gasteizen 27 ºC-ra helduko dira beroenak. Iruñea izango da salbuespena, han 36 ºC espero baitituzte.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da: hasieran kostaldean, eta goizak aurrera egitearekin batera, barnealdean ere. Horrela, arratsaldean hodeiak ugarituko dira, eta ezegonkortzera egingo du; baliteke zenbait tokitan zaparradak botatzea, baita trumoitsuak ere, bereziki ekialdean. Giro nahasi hori izango dugu nagusi asteazken eta ostegunean ere.
Nafarroan, Erribera abisu horian egongo da oraindik, 37 ºC espero baitituzte. Horrez gain, Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak abisu horia ezarri du arratsaldean Nafarroako erdialdean, Erriberan eta Pirinioetan euria eta ekaitzak espero baitituzte.
Abuztuaren 6a, udako egunik beroena
Iragarpenak bete egin ziren atzokoan: goia jo zuten termometroek. 37 ºC-ko maximoak espero ziren, baina gorago ere heldu ziren. Ibai Ederreko (Azpeitia) urtegian dagoen estazio meteorologiakoan 39,4 ºC neurtu zituzten, sareko altuena. Bilboko Deustu auzokoan, berriz, 39 ºC. Horiez gain, hauek ageri dira beroenen zerrendan: Arrasate (36,9 gradu) eta Abetxuku (36,4 gradu).