Gizartea -
Erreskatatutako migratzaileak
'Open Arms' ontzia ostegun goizean iritsiko da Algecirasko portura
87 migratzaileek "ez dute estatus berezirik jasoko". Dena dela, ezarritako ohiko protokoloari jarraiki, osasun zerbitzua migratzaileak artatzeko prest egongo da.
Agentziak | Erredakzioa
Proactiva Open Arms gobernuz kanpoko erakundearen (GKE) salbamendurako ontzia ostegun goizean iritsiko da Algecirasko portura (Cadiz), 09:00ak aldera. Mediterraneo itsasoan, Libiako kostatik gertu, erreskatatutako 87 migratzaile eta errefuxiatu daramatza Open Arms ontziak. Espainiako Gobernuaren arabera, ontzia lehorreratzeko porturik “egokiena” aukeratu dute, eta "guztia prest" dute jada migratzaileak artatzeko.
GKE horretako iturriek jakitera eman dutenez, Open Arms ontziaren kapitainak egindako aurreikuspena hori da, baina baliteke eguraldiak eta itsasoaren egoerak ontziaren iritsiera atzeratzea. Halaber, portuko zuzendaritzak ematen dizkien aginduen zain egongo dira.
Proactiva Open Arms erakundeko kideen esanetan, astelehenean ontzia Algecirasko portutik 590 miliatara zegoen. “Itsasoan hiru egun gehiago igaro behar ditugula esan nahi du horrek, denontzako elikagai eta edari nahikoa baldin badugu. Izan ere, erreskatatutako 87 migratzaileek astebete eman dute zein portutan lehorreratuko diren zain”, salatu du erakunde horrek Twitter bidez zabaldutako mezu batean.
Dena dela, gobernuz kanpoko erakundeak Pedro Sanchezen gobernuari Espainiako Estatuko portu batean lehorreratzeko baimena eskatu aurretik, Kataluniako Generalitateak eta Ada Colau Bartzelonako alkateak Open Arms ontziaren esku utzi zituzten Kataluniako portuak, behar izanez gero horietako batean lehorreratzeko aukera izan zezaten.
Uda honetako hirugarren lehorreratzea
Espainiako Gobernuko kideen hitzetan, ostegunean ez da Gobernuko ordezkaririk izango Algecirasko portuan. Abuztuaren 4an eta uztailaren 21ean Mediterraneo itsasoan erreskatatutako beste hainbat migratzaile lehorreratu ziren Bartzelonan eta Palman.
Gobernuaren arabera, Open Arms ontziak daramatzan 87 migratzaileek "ez dute estatus berezirik jasoko", ezta Espainian bizitzeko baimena ere. Alabaina, ezarritako ohiko protokoloari jarraiki, osasun zerbitzua migratzaileak artatzeko prest egongo da. Hala, mediku-azterketa egingo zaie lehendabizi, eta laguntza psikologikoa jasoko dute gero.
Abuztuaren 4an, 60 etorkin iritsi ziren Bartzelonara, eta uztailaren 21ean Palman porturatu zen Open Arms ontzia, Libiako kostaldetik gertu bizirik erreskatatutako emakume batekin.
Erakunde honek azken operazio honetan Mediterraneoan erreskatatu dituen pertsona gehienak (84) Sudandik datoz, Darfur eskualdetik gehienbat; besteak, berriz, Egiptoko bat, Gambiako beste bat eta Siriako bat dira. Horietako zortzi adingabeak dira, eta horietako sei gurasorik gabe daude.