Gizartea -

Immigrazioa

Espainiak 'Aquarius'eko 60 migratzaile hartuko ditu, nazioarteko akordio baten ostean

Halaber, SOS Mediterranee gobernuz kanpoko erakundeak Maltara zuzentzeko agindua jaso duela adierazi du, eta 141 migratzaileek portu seguruan lehorreratu ahal izango dutela ospatu du.

'Aquarius' ontziko migratzaileak. Artxiboko irudia: EFE
'Aquarius' ontziko migratzaileak. Artxiboko irudia: EFE
Espainiak 'Aquarius' ontziko 60 migratzaile hartuko ditu

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiak 'Aquarius' ontziko 141 migratzaileetatik 60 hartuko ditu, Espainiako Gobernuak eta EBko beste lau herrialdek lortutako nazioarteko akordio baten baitan, Moncloa Jauregitik jakitera eman dutenez. Ostiraletik portu seguru baten zain zeuden lehorreratzeko.

Iturrien arabera, Espainiak koordinatu du akordioa, mota honetako lehena migratzaileak Europako hainbat herrialdetan banatzeko; sei estatuk parte hartuko dute, 'Aquarius'eko 141 migratzaileak hartzeko.

Herrialde horien artea Portugal dago. Barne Administrazioko Ministerioak azaldu duenez, "libre dago, Espainiako eta Frantziako Gobernuekin artikulazioan, 30 migratzaile jasotzeko 'Aquarius' ontzian eta Maltan lehorreratzen ari diren beste ontzi txikietan dauden 244 etorkinetatik".

Dirudienez, Frantzia ere hitzarmenaren parte da, eta SOS Mediterranee eta Mugarik Gabeko Medikuak kudeatutako ontziko migratzaileak hartuko ditu.

Espainiako Gobernuak 'Aquarius'i ekainean portu seguru bat eskaini izanaren erabakiari egotzi dio akordioa. Ontzian 629 migratzaile zirenean eman zen, Italiaren eta Maltaren ezetza jaso ostean, bertako porturen batean lehorreratu ahal izateko.

Ontzia Maltan lehorreratuko dute

Halaber, SOS Mediterranee gobernuz kanpoko erakundeak Maltara zuzentzeko agindua jaso duela adierazi du, eta 141 migratzaileek portu seguruan lehorreratu ahal izango dutela ospatu du.

Frederic Penard erakundeko operazioen zuzendariak Parisen eman duen prentsaurrekoan esan duenez, herrialde hori egokia da, ontziari Mediterraneo zentraleko salbamendu gunera azkar itzultzea ahalbidetuko diolako.

Joseph Muscat Maltako lehen ministroak nabarmendu du portuan lehorreratzeko baimena eman duela, eta pertsona horiek gero Europar Batasuneko bost herrialdetan banatuko dituztela (Espainia, Frantzia, Alemania, Portugal eta Luxemburg).

Akordioa "aitzindaria" dela nabarmendu du Sanchezek

Aquarius ontziko migratzaileak hartzeko Europar Batasuneko bost herrialdek lortutako akordio "aitzindaria" nabarmendu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak.

"Aquarius ontzian doazen pertsonak Europar Batasuneko bost herrialderen artean banatzeko akordio aitzindaria koordinatu du Espainiak. Migrazioari irtenbide bat emateko asmoz ekainean abiatu genuen lanari esker izan da posible. Espainiak 60 pertsona hartuko ditu", esan du Sanchezek.

Hala, etorkinak banatzeko orduan, herrialdeak "elkarrekin lan egiteak" egoerari irtenbide bat ematea ahalbidetu duela nabarmendu du Espainiako Gobernuko presidenteak. Ildo horretatik, gaur egungo erronkei aurre egiteko herrialdeen arteko "elkartasuna eta lankidetza" bultzatzea ezinbestekoa dela ziurtatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Espainiako Gobernua Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak