Gizartea -

MIGRATZAILEAN EAE-N

Harrerako bost egunak amaituta migratzaileei nola lagundu aztertuko dute erakundeek

Eusko Jaurlaritzaren, foru aldundien, eta Irungo eta Donostiako udalen ordezkariak hainbat gizarte-erakunderekin batzartu dira asteartean.

Zenbait migratzaile, Irunen. Argazkia: Euskadi Irratia.
Zenbait migratzaile, Irunen. Argazkia: Euskadi Irratia.
Migratzaileen egoera aztertzeko bilera positibotzat jo dute alde biek

1:17

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadira iristen ari diren migratzaileentzako laguntza koordinatzen ari diren erakundeek osatutako mahaiak irtenbide teknikoak aztertuko ditu, Donostian eta Irunen ezarritako harrera-zerbitzuetan orain arte zehaztutako gehienezko bost eguneko egonaldia amaitutakoan migratzaileei laguntza nola eman erabakitzeko.

Mahaian ondorengo erakundeak daude ordezkatuta: Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak, Irungo eta Donostiako udalak, eta hainbat gizarte-erakunde. Asteartean, batzarra egin dute Gipuzkoako hiriburuan, Donostiako Harrera Sarearekin eta SOS Arrazakeriarekin, "koordinazioa hobetu" eta talde horien eskabide batzuk aztertze aldera.

Bigarren aldiz batzartu da mahaia Harrera Sarearekin eta SOS Arrazakeriarekin; izan ere, abuztuaren 8an ere batu ziren, bidean dauden migratzaileei laguntzeko modua zehazteko.

Donostiako Udalaren harrera-zerbitzuetara bueltatzeko aukera

Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak bilera amaitutakoan esan duenez, "lanerako mahai bat" osatzea adostu dute, irtenbide teknikoak aztertzeko. Asmoa da migratzaileek, Euskadin bost egun baino gehiago eman behar badituzte, aukera izatea Donostiako Udalaren harrera-zerbitzuetara bueltatzeko; izan ere, askotan, zerbitzu horretako toki guztiak ez dira beteta egoten.

"Mahai txiki bat sortzea adostu dugu, lanerako mahaia, aztertzeko nola helduko diogun pertsona horien bueltari, alegia, euren harremanak berreskuratzeko Euskadin denbora luzeagoa eman behar duten pertsonen bueltari", esan du sailburuordeak. Amilibiaren arabera, "kontu teknikoa" da, pertsona horiei laguntza emateko "asmo politikoa" egon badagoelako.

Batzarrean, erakundeek mahaian egotea eskaini die Harrera Sareari eta Donostiako SOS Arrazakeriari. Gobernuz kanpoko erakunde batzuk daude mahai horretan, Gurutze Gorria, CEAR eta Medicus Mundi kasu. Harrera Sareak eta SOS Arrazakeriak erantzun dute ondorengo egunotan erabakiko dutela mahaian sartuko diren ala ez.

Topaketa "aberasgarria"

Amilibiaren iritziz, topaketa "aberasgarria" izan da, eta koordinazioa hobetzeko balioko du: "Bikoiztasunak saihestu eta komunikazioan aurrera egiteko ari gara lanean".

Sailburuordearen esanetan, "askotan, koordinazio on baten bidez, hainbat arazo eta alarma saihestu ahal dira"; hortaz, bileran ahalegindu dira zehazten "nortzuk diren kontaktuak, eta norengana jo behar den, oztopoak ez handitzeko".

"Benetan interesatzen zaiguna da bidean dauden migratzaileei laguntza ematea, eta laguntza hori azkarra eta eraginkorra izatea", azaldu du sailburuordeak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Albisteak migrazioa Gizartea Albisteak Gaur Irun Gaurko azken orduko albistea