Gizartea -
Krimen matxista
Gizon batek emakume bat hil du Bartzelonan
Biktima ustezko hiltzailearen bikotekidea zen; Esquadra Mossoek gizona atxilotu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Gizon batek emakume bat hil du ostegun honetan Bartzelonan, Nou Barris barrutian. 35 urte zituen biktimak, eta ustezko hiltzailearen bikotekidea zen; gizona, 27 urtekoa bera, Esquadra Mossoek atxilotu dute.
Kataluniako Poliziak jakitera eman duenez, krimen matxista hori ostegun honetako goizaldean gertatu da, 4:00ak aldera; orduan, agenteek dei bat jaso dute, eta esan diote gizon batek zauri larriak zituela eragina haren bikotekidearen aurka, arma zuriz. Ospitalean hil da emakumea.
Mossoak etxera iritsi direnean, ikusi dute gela batean emakumea zegoela; Bartzelonako bizilaguna zen bera, eta hondurastar nazionalitatea zuen. Mossoek erasotzailea atxilotu dute; berak ere du hondurastar nazionalitatea, eta homizidio matxistaren ustezko egilea delakoan eraman dute atxilo.
Krimen horrekin, 27 emakume hil dituzte Estatuan 2018an; 2003tik datu ofizialak daudenetik, 951 emakume hil dituzte.
__________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.