Gizartea -
Atxiloketak
Bi lagun atxilotu dituzte Bilbon, udaltzain bati tibia eta peronea haustea egotzita
Bilboko Plaza Biribilean "oso jarrera oldarkorrean" zegoen lagun-talde bateko kide batek ostiko bat eman dio. Poliziak "agintearen kontrako atentatua" leporatu die goizaldean atxilotutako bi gizonei.
Agentziak | Erredakzioa
Bi gizon atxilotu dituzte Bilbon ostiral goizaldean, udaltzain bati ostiko bat eman eta hanka bateko tibia eta peronea haustea egotzita, Bilboko Udaltzaingoak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
04:30ean, Udaltzaingoak Ertzaintzaren dei bat jaso du, Bilboko Plaza Biribilean pertsona bat atxilotzeko laguntza eskatzeko.
Handik ordu erdira, "oso jarrera oldarkorrean" zegoen lagun-talde bateko kide batek ostiko bat eman dio udaltzain bati, eta tibia eta peronea hautsi dizkio. Ondorioz, Poliziak “agintearen kontrako atentatua” leporatu die biei.
Zauritutako udaltzaina Basurtuko Ospitalera eraman dute, eta ebakuntza egin behar izan diote.
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea zauritutako udaltzainarekin harremanetan jarri da, bere babesa eman eta egindako lana eskertzeko. Halaber, Tomas del Hierro Bilboko Udaleko Segurtasun Saileko zinegotzia Basurtuko Ospitalera joan da zaurituari bisita egitera.