Gizartea -
Nafarroa
Sei urteko neskato bat larri intoxikatu da Andosillan, sute batean kea arnastuta
Lizarrako Garcia Orcoyen Ospitalera eraman dute adingabea, anbulantziaz. Neskatoaren etxebizitzaren ondoko etxean piztu da sutea, horren etxabean, hain zuzen ere.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sei urteko neskato bat larri intoxikatu da Andosillan (Nafarroa), bere etxebizitzaren ondoko etxean piztutako sutean kea arnatuta, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez.
Plaza Berriko 17. zenbakiko etxabea sutean zegoela jakin du SOS Nafarroak larrialdiak kudeatzeko aretoak 15:49ean, hori dela eta, Lodosako suhiltzaileak bidali ditu. Bertara iristean, ohartu dira suteak eragindako keak ondoko etxebizitza hartu duela, ondorioz, bertan bizi den familia kanporatu dute.
Gainera, mediku-talde bat eskatu dute, sei urteko neskato batek keagatik intoxikazio zantzuak zituelako. Azkenean, Lizarrako Garcia Orcoyen Ospitalera eraman dute adingabea, anbulantziaz.
Sutea amatatu ostean, karbono monoxidoaren maila neurtu dute suhiltzaileek, eta egokia zela ebatzi dutenean, familiaren itzulera baimendu dute. Foruzaingoa, bestalde, sutearen jatorria ikertzen dabil.