Gizartea -
POLEMIKA
Aita santuak haur homosexualak dituzten gurasoei: 'Saiatu psikiatriarekin'
Irlandatik Vatikanora bueltako bidaian kazetariekin izan duen solasaldian azpimarratu duenez, haurtzaroan hainbat gauza egin daitezke.
EITB.EUS
Frantzisko aita santuak homosexualitateari buruz esandakoek arrabotsa eragin dute, eta Vatikanoko prentsa zerbitzuek bere hitzei ñabardura egin die.
Irlandatik Erromarako hegazkin bidaian kazetariekin izan duen solasaldian, psikiatriara jotzea gomendatu die haur homosexualen gurasoei.
Hori izan da aita santuaren erantzuna kazetari batek egindako galderari. Hain zuzen ere, haur homosexual baten guraso bati zer esango liokeen galdetu dio.
"Zenbat urterekin agertzen da interes hori? Hori garrantzitsua da. Haurtzaroan adierazten bada hainbat gauza egin daitezke, psikiatriarekin esaterako. Beste kontu bat da, 20 urterekin edo geroago agertzen denean. Hala ere, nik ez dut inoiz esango isiltasuna denik erremedioa", azpimarratu du.
Eztabaidaren ondotik, Vatikanoko prentsa zerbitzuek azpimarratu dute ez zela aita santuaren nahia homosexualitatea gaixotasun gisa aurkeztea.