Gizartea -
Eguraldia
Beroaren ostean, ekaitza eta txingorra
Kazkabarra indarrez egin du hainbat puntutan, Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean eta Nafarroan bereziki.
EITB.EUS
Goizetik egin duen bero sapak ekaitza ekarri du arratsaldean, eta zenbait puntutan oso gogor jo du, kazkabar eta guzti.
Hala, Gipuzkoa eta Bizkaia barnealdean eta Nafarroako hainbat lekutan txingorrak gogor jo du, eta zaparrada mardulak ere bota ditu.
Durangon, gogor astindu du ekaitzak arratsaldean. Txingorraren ondorioz, A8 autobidea zuri geratu da, eta askok, badaezpada, autoa geratzea erabaki dute, egoera itsusi samar ari zelako jartzen. Trafikoa etenda egon da une batez.
Gernika-Lumon, metro koadroko 9 litro bota ditu 10 minutuan, eta Larrabetzun ere gogotik bota du. Lekeition, berriz, txingorra izan da protagonista, handia bota baitu bertan.
Eskoriatzan ere, ekaitza izan dute bisitari gaur arratsaldean, eta tenis pilota baten tamainako harriak erori dira.
Bihar, giroa zertxobait freskatuko da, baina ondorengo egunetan tenperaturek gora egingo dute berriro.