Gizartea -
Nafarroa
70 poltsatik gora zabor atera dituzte Arga ibaitik, Mendigorrin
Bi ordu aritu ziren ibai bazterrak garbitzen, eta Borraja Komandoak ekimenerako prestatu zituen zakar poltsa handiak amaitu zitzaizkien 1,5 kilometroko tartean.
Agentzia | Erredakzioa
70 boluntario Arga ibaia garbitzen aritu dira Mendigorrin, Borraja Komandoak bultzatutako ekimenean, eta erreka ertzean bildutako hondakinekin 70 poltsatik gora bete dituzte.
Bilketak bi ordu iraun zuen, eta ekimenerako prestatu ziren 70 zakar poltsa handiak amaitu ziren, 1,5 kilometroko tartean, eta begi bistan garbia zirudien Arga ibaiak. "Agerian gelditzen da zenbateraino pilatu daitekeen zakarra gure ertzetan", adierazi dute ohar batean.
Adin guztietako boluntarioak, herritarrak eta kanpineko bisitariak, 10:30ean hitzartu ziren El Molino kanpineko sarreran. Txikienek lau urte dituzte.
Parte-hartzaileak bi taldetan banatu zituzten. Gazteenak kanpingetik Andeloseko zubira, eta, helduak, ibai kaitik, urtegi zaharreraino. Batzuk kayaketan igo ziren, ibaia zeharkatu eta beste ibai ertza garbitzeko.
Hondakin gehienak plastikoak ziren: botilak, poltsak, hodiak, aulkiak… Gainera metal xafla herdoilduak, kartoiak, ureztatzeko tresnak eta abar bildu ziren. Zakarra sarrerako errotan pilatuz joan ziren, eta, auzolana bukatutakoan, hontzi desberdinetan banatu zituzten. Elementuetako batzuk Valdizarbeko Patzuergoaren Garbi Gunera eraman zituzten, Garesera.
Bojarra Komandoa. Irudia: Oriol Conesa
Gero, Nilsaren eskutik, uraren kalitatea aztertu zuten, ingurugiro ezaugarriei erreparatuta. Auzolaneko parte hartzaileek, teknikari baten laguntzarekin, Oxigeno, PH, Nitrato eta Fosfato kopuruak neurtu zituzten, ibaiko bi zatitako uretan: lehena, Argarena soilik, bigarrena, Argarena, Salado ibaiaren ixuriarekin. Bi kasutan kopuruak egokiak izan ziren Mendigorriako ekosistemaren funtzionamendurako. Gainera, beste neurgailu bat ere bildu zuten, makro-ornogabeena. Bolondresek animaliak aztertzeko aukera izan zuten, luparen laguntzatz: libelulak, lapak, kakalardoak…
Bukatutakoan, boluntarioek luntx ekologikoaz gozatu zuten, zuzeneko musikarekin batera.
Garbitzeko helburuaz gain, ekimenak bazuen jendeak ibaietara botatzen dituen gauzen inguruan zentzua hartzeko helburua ere. Hondakinok askotan itsaso eta ozeanoetaraino iristen dira, urek garraiatuta. Borraja Komandoak esan bezala "urtero gure ibaiek 1,5 eta 2,45 milioi tona plastiko garraiatzen dituzte ozeanoetara. Plastiko irla erraldoiak ikusterakoan, pentsa ezazu, norbaitek bota dituela haren osagaiak, ibai, itsaso, lur edo hontzi ezegokira. Ez daitezela zureak izan!".
Irudia: Oriol Conesa