Gizartea -

GIZAKIEN SALEROSKETA

Lau lagun atxilotu dituzte emakume bat indarrez Kantabriako klub batera eramateagatik

Emakumeak salatu duenez, gizon brasildar batek Bilbotik Argoñoseko klub batera eraman zuen prostituzioan aritzera behartzeko. Aitzitik, balkoitik jauzi eginda ihes egitea lortu zuen.

AGENTZIA | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakume batek jarritako salaketa baten ondotik, Santoñako Guardia Zibilak lau pertsona atxilotu ditu —bi gizon eta bi emakume— eta bosgarren bat ikertzen ari da, mehatxuak, gizakien salerosketa eta legearen aurkako atxiloketa delituak leporatuta. Emakumeak salatu duenez, gizon brasildar batek bere borondatearen kontra Bilbotik Argoños udalerriko (Kantabria) klub batera eraman zuen prostituzioan aritzera behartzeko.

Guardia Zibilak berri eman duenez, emakumea pasa den abuztuaren 8an aurkitu zuen txirrindulari batek CA-141 errepidearen bazter batean, orientazioa galduta eta laguntza eske. Agenteei kontatu zienaren arabera, abuztuaren 7ko goizaldean Brasilgo gizon bat ezagutu zuen Bilboko taberna batean eta, elkarrekin zerbeza batzuk hartu ostean, bere lagun batzuk zeuden tokira eramateko eskaini zuen gizonak bere burua.

Ibilgailu barrura sartutakoan, gizonak ateak itxi eta A-8 autobidea hartu zuen Kantabriarako noranzkoan. Esandako tokira ez zihoazela onartu zenean, emakumeak autotik irteten uzteko eskatu zion, baina ez zion kasurik egin. Behin Kantabrian zeudela, gizonak etxe handi baten kanpoan geldiarazi zuen autoa, eta bertatik beste gizon bat eta emakume bat irten ziren. Bien artean biktima barrura eraman zuten eta honek libre utz zezaten eskatu bazuen ere, bertan zeuden beste emakume batzuk bera lasaitzen ahalegindu ziren janaria eta lotako tokia izango zuela esanez.

Ondoren, baso bat ur zirudiena eman zioten eta hortik aurrerakoa ez du gogoratzen. Geroago, logela batean esnatu zen, ohe batean etzanda eta erdi biluzik.

Biktimak balkoitik jauzi eginda ihes egitea lortu zuen, harik eta txirrindulari batek errepide bazter batean aurkitu zuen arte.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Delituak argazkiak Gizartea Albisteak Gaur Albisteak Kantabria azken ordukoa