Gizartea -
EUSKADI
Abian da gaurtik Euskadiko Hizkuntza Eskola Ofizialetan matrikula eskatzeko epea
Euskadiko Hizkuntza Eskola Ofizialek 33.297 plaza eskainiko dituzte zortzi hizkuntza ikasteko. Eskaria internet bidez egin beharko da irailaren 19ra arteko epean.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak gaur ipini du martxan Euskadiko Hizkuntza Eskola Ofizialetan 2018-2019 ikasturtean matrikula eskatzeko epea. 33.297 plaza eskainiko dituzte guztira.
Jaurlaritzak azaldu duenez, Euskadiko 14 Hizkuntza Eskola Ofizialek 15.373 plaza eskainiko dituzte ingelesa ikasteko; 694 gaztelaniarako; 7.148 euskara taldeetarako; 567 italiera ikasteko; 6.158 frantseserako; 308 portugalerarako; 2.869 alemaniera ikasteko; eta 180 errusiera ikastaroetarako.
Matrikula eskaria Hezkuntza saileko webgunearen bidez egin beharko da. Epea irekita egongo da irailaren 19ko 13:00ak arte. Hizkuntza Eskola Ofizialek ordenagailuak jarriko dituzte eskariak egiteko.
Epea amaitzen denean, onartutako pertsonen eta kanpoan geratu direnen behin-behineko zerrendak irailaren 21ean argitaratuko dituzte; behin-betiko zerrendak, berriz, irailaren 27an jakinaraziko dituzte. Ondoren, urriaren 1era arte ordaindu ahal izango da matrikula.
Eskaria egin arren plaza lortzen ez duten pertsonak automatikoki bigarren fasera igaroko dira, berriz eskabidea egin gabe. Hala, lehen fasean bete ez diren plazak esleituko dizkiete.