Gizartea -
OKUPAZIOA
Gazte talde batek Donostiako Orixe ikastola zaharra okupatu du
Hainbat gazte sartu dira Alde Zaharreko Kanpandegi kaleko eraikin horretan. Urteak daramatza hutsik ikastola zaharrak eta gaztetxea jarri dute bertan.
EITB.EUS
Gazte talde batek Donostiako Orixe ikastola zaharra okupatu du gaur goizean. Donostiako Alde Zaharreko Gazte Asanbladak twitter bidez jakitera eman duenez, 10:30 aldera sartu dira Kanpandegi kalean hutsik dagoen eraikinean eta gaztetxea eratu dute bertan.
Sare sozialen bidez zabaldu dutenez, jada hainbat ekintza antolatu dituzte hurrengo bi eguneratarako. Hasteko, 10 urte itxita daramatzan eraikina txukuntzen hasi dira auzolanean eta 14:00etarako bazkaria antolatu dute. Arratsaldean, 16:30ean asanblada egingo dute eta ondoren, ikasle ohien topaketa, besteak beste.
Era berean, ohar bat argitaratu dute Twitterren okupazioa azaltzeko. Kaialdek 10 urte daramatzala hutsik argudiatu dute, auzokideek autogestionatutako proiektua garatzeko duten asmoa defendatzeaz gain.
2014. urtean tokia auzoetxe moduan erabiltzeko eskaria egin ziotela Udalari esan dute, baina "ezetza" jaso zutela. Izan ere, lanbide heziketa zentro bat eraiki behar zutela erantzun zuten udaletxeko arduradunek.
Gaur egungo egoera ikusita, okupazioa "aurrerapauso esanguratsua" izan dela defendatu dute; hala, mugimendu sozial guztiek azpiegitura eta topagune bat izango dutelako.