Gizartea -
2016-2017 ikasturtea
Gaitasun handiko 935 ikasle aurkitu dituzte Hego Euskal Herrian
2016-2017 ikasturteko datuen arabera, Hego Euskal Herriko ia 1.000 haurrek adimen gaitasun handia dute. Estatuan, berriz, 27.133 aurkitu dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Adimen gaitasun handiko 935 ikasle aurkitu dituzte Hego Euskal Herrian, eta 27.133, guztira, Estatuan, Hezkuntza Ministerioak egindako ikerketa batek kaleratutako datuen arabera. Azterketa egiteko, 2016-2017 ikasturteko datuak aztertu dituzte, eta hortik ondorioztatu dute Andaluzian dagoela gaitasun handiko ume kopuru handiena (11.500).
Andaluziaren atzetik, Murtzia (3.698), Madril (2.190) eta Kanariak (2.122) daude.
Hezkuntza eta Lanbide Heziketa Ministerioak duela gutxi argitaratu ditu aipatu datuak. Emaitza horiek lortzeko, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleen gaitasunak aztertu dituzte.
Ildo horretan, gaitasun handiko pertsonen kasuetan aditua den Monica Fernandez Kataluniako Pedagogoen Eskolako psikopedagogoak azaldu duenez, azterketa horrek ez du erakusten Andaluziako ikasleek gaitasun handiagoak dituztenik, autonomia erkidego batzuetan aparteko talentua duten ikasleak aurkitzeko programak eraginkorragoak direla baizik.