Gizartea -
Behin-behineko neurria
Bizkaitar bat kartzelatu dute Interneten adingabeak galbideratzeagatik
Ustez, kartzelatutakoak (21 urte mutil bat) Tuenti eta Messenger erabiltzen zituen, adingabeen kontuak ostu eta, mehatxuen eta gezurren bitartez webcamen aurrean biluzik agertzera behartzeko.
Erredakzioa
Hogeita bat urteko mutil bizkaitar bati behin-behineko espetxealdia ezarri diote, Interneten adingabeak galbideratzea egotzita.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak azaldu duenez, gazteak, ustez, Tuenti eta Messenger erabiltzen zituen, adingabeen kontuak ostu eta, mehatxuen eta gezurren bitartez webcamen aurrean biluzik agertzera behartzeko. Ondoren, irudiak grabatu egiten zituen.
Haren ordenagailuan atzemandako materiala aztertu eta gero, epaileak kartzelatu egin du.
Kasu honekin lotuta, Ertzaintzak jakin izan du 44 salaketa izan direla 2009an eta 2010ean. Hain zuzen ere, hainbat erkidegotako biktimek jarri dituzte.
Ertzaintzak eta aginte judizialak dei egin die herritarrei, atxilotutakoaren biktima gehiago dauden egiaztatzeko.