Gizartea -
MIGRAZIOA
5 gorpu atera eta beste 501 migratzaile erreskatatu dituzte Andaluziako uretan
12 ontzitan eta uretako moto batean zihoazen migratzaileak. Gibraltargo itsasartean eta Alborango itsasoan egin dituzte erreskateak.
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Bost gorpu atera eta beste 501 migratzaile erreskatatu dituzte Gibraltargo itsasartean eta Alborango itsasoan asteazken honetan, Itsas Salbamenduko iturriek berri eman dutenez. Migratzaileak 12 ontzitan eta uretako moto batean zihoazen.
Iturri horren arabera, Alborango itsasoan, Guardamar Polimnia itsasontziak 50 gizon erreskatatu dituzte erdi hondoratuta zegoen ontzi batetik.
Ez da Polimnia ontziak egindako erreskate bakarra izan; izan ere, beste 5 hilotz atera eta 51 pertsona erreskatatu ditu Alborango itsasoan erdi hondoratuta zegoen beste ontzi batetik. Itsas Salbamenduak, ostera, 89 pertsona onik atera ditu. Bi ontzitan eta uretako moto batean zihoazen.
Aldi berean, Almaruya ferryak bi pertsona atera ditu uretatik eta Polimnia ontziak, ostera, baltsa batean zihoazen beste 51 lagun.
Bestalde, Itsas Salbamenduak eta Guardia Zibilak 309 migratzaile erreskatatu dituzte Gibraltargo itsasartean.