Gizartea -

Epaiketa

Google Auzitegi Nazionalean eseri da

Hainbat pertsonak euren datuak agertzen diren webgune batzuk ez indexatzeko eskatu diote bilatzaileari, eta Datuen Babeserako Espainiar Agentziak auzitara jo du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Googlek errefusatu egin du indexatzen dituen edukietan nolabaiteko erantzukizuna izatea, eta uko egin dio informazioa kentzeari, hori egitea "zentsura" litzatekeelako.

Google akusatuen aulkian eseri zen atzo. Izan ere, bost pertsonak euren datuak agertzen diren webgune batzuk ez indexatzeko eskatu diote bilatzaileari, eta Datuen Babeserako Espainiar Agentziak auzitara jo du, haien ordez.

Hori horrela, Luis Javier Aparicio Salom Googleren abokatuak gogorarazi du bilatzaileak "lotura" baino ez direla informazioarekin, eta beraz, ez dutela erantzukizunik edukietan. Hortaz, aipatu pertsonen salaketak datuak publikatu dituzten editoreen aurkakoak izan beharko liratekeela argudiatu du.

Konpainiak aitortu egin du datuak ken ditzakeela, baina uko egin dio egiteari, informazio eskubidea urratzea litzatekeelakoan. "Bilatzaileei era arbitrarioan datuak kentzeko eskatzea oso arriskutsua da", ohartarazi du.

Bere aldetik, alde akusatzailearen abokatuak uste du Googlek baduela erantzukizuna indexatzen dituen edukietan.

Azaldu duenez, hasieran, Datuen Babeserako Agentziak informazioa publikatu zuten editoreengana jo zuen, baina datuak publika zitzaketela egiaztatu zuenean, bilatzailearengana jo zuen.

Gainera, abokatuak gogorarazi du AEBetako epai batzuen arabera, bilatzaileek erantzukizuna badutela indexatzen dituzten edukietan, eta indexatzen dituzten edukiei esker Googlek publizitate mozkinak dituela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea