Gizartea -
Agiria
Bizigay elkartea Bilbao Bizkaia Prideren aurka, 'ekitaldi komertziala delako'
Agiri baten bidez aipatu taldeak esan duenez, Bilbao Bizkaia Pride ekitaldiaren helburua "ez da sexu aniztasunaren alde lan egitea, Bilboko merkatari talde baten salmentak sustatzea baizik".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizigay sexu aniztasun eta askapenerako elkarteak agiri bat bidali du Bizkaiko LGTB+ mugimenduaren izenean, Bilbao Bizkaia Pride ekitaldia errefusatzeko. Agiri horretan adierazi dutenez, ekitaldi hori merkatari elkarte batek antolatzen du, salmentak sustatzeko helburuarekin.
Ekitaldi horren asmoa "ez da sexu aniztasunaren alde lan egitea, Bilboko merkatari talde baten salmentak sustatzea baizik", esan dute. Gainera, horien esanetan, merkatari horiek antolatzen dute ekitaldia, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Bilboko Udalarekin batera.
Bizigayren arabera, oso deigarria da ekitaldia Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko ekonomia garatzeko sailek bultzatzea, gizarte politikak, berdintasuna eta bizikidetza bultzatzeko ardura dutenek egin beharrean.
Iragan astean eman dute jakitera 2019an European Pride Organisers Association ekitaldia Bilbon egingo dutela, eta Bizkaiko LGTB+ mugimenduko ordezkariek ez dute bertan parte hartuko, protesta gisa, "Bilbao Bizkaia Pride LGTB+ mugimendutik at eratutako eta antolatutako ekitaldi bat delako".
Ildo horretan, aipatu elkarteak kritikatu egin du aldarrikapen kutsurik ez edukitzea eta aisialdirako ekitaldi bat izatea, eta "proiektu barneratzaile bat izateko lana politika publikoekin eta aurrekontuekin erakutsi beharko lukete", gaineratu du.