Gizartea -

Lan-istripua

Ataungo 26 urteko emakume bat hil da Beran izandako istripu batean

Biktima Doneztebeko institutuko irakaslea zen eta lanera bidean hil da, N-121-A errepidean. Autoaren kontrola galdu eta furgoneta baten kontra jo du.

Suhiltzaileek harrapatuta geratu den pertsona atera behar izan dute. Argazkia:@bomberos_na
Istripua Beran. Argazkia: Nafarroako suhiltzaileak
Hildako bat eta lau zauritu Beran, N-122-A errepidean izandako istripuan

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ataungo (Gipuzkoa) 26 urteko emakume bat hil eta beste lau pertsona arin zauritu dira Beran (Nafarroa) izandako istripu batean, Foruzaingoak eitb.eus-i jakinarazi dionez.

Biktima Doneztebeko institutuko bitarteko irakaslea zen eta lanera bidean hil da, LAB sindikatuak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Ezbeharra N-121-A errepidean jazo da, 08:30ean. Lehen datuen arabera, emakumeak autoaren kontrola galdu du Iruñeko noranzkoan zihoala. Kontrako bidean zihoan furgoneta batekin talka egin du, eta ibilgailu barruan harrapatuta geratu da. Bertan zendu da.

Furgonetan zihoazen lau lagunak arin zauritu dira, eta Bidasoako Ospitalera eraman dituzte. Senda-agiria jaso dute goizean.

Foruzaingoak errepidea itxi du, eta 11:30 arte, txandaka bideratu du zirkulazioa. Ilarak sortu dira.

15 hildako lan-istripuetan

LAB sindikatuak gogoratu du aurten 15 behargin hil direla lan-istripuetan eta ezbehar horien oinarrian "prekarietatea" dagoela ohartarazi du.

Arazo larri baten aurrean gaudela azpimarratuta, gaurko heriotza bi arrazoigatik gertatu dela uste du LABek: alde batetik, N-121-A errepidearen egoeragatik, eta bestetik, bitarteko irakasleek bizi duten prekarietate egoeragatik.

"N-121-A errepidean hainbat istripu izaten dira eta herritarrek hainbat aldiz eskatu dute errepide hori hobetzea", esan du sindikatuak. "Nafarroan laneko ezbeharrek eta lan-istripuetan hildako langileen kopuruak gora egin du eta horrek erakusten lehen mailako arazo sozial baten aurrean gaudela",  erantsi du.

Horrez gain, bitarteko irakasleek bizi dituzten lan-baldintzak salatu ditu. "Hezkuntza sektoreko langileen % 30ak ez du lantoki finkorik eta udara arte itxaron behar izaten duten hurrengo ikasturtean lan non egingo duten jakiteko; langile horiek ezegonkortasunean bizi dira eta administrazioak neurriak hartu behar ditu egoera horri irtenbidea emateko", azpimarratu du LABek.

Sindikatuak iragarri duenez, ostiral honetan lanuztea egingo dute Doneztebeko institutuan irakasle gaztearen omenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Lan-istripuak Nafarroa Gizartea Trafikoko telefonoak Trafiko webkamerak Albisteak Goierri azken ordukoa Errepideko istripuetan zauritutakoak