Gizartea -
Iruzurra
iDental hortz-klinikak miatu dituzte, froga bila eta inbentarioa egiteko asmoz
Auzitegi Nazionalak aginduta, klinika merkeon 23 egoitzatan sartu da Espainiako Polizia. 400.000 kaltedun baino gehiago egon litezke.
Agentziak | Erredakzioa
Jose de la Mata Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta, iDental hortz-klinikek Espainiako Estatuan dituzten egoitzatan —23 saltoki, bakar bat ere ez Euskal Herrian— sartu da Polizia froga bila eta kalte-ordainei aurre egiteko inbentarioa egiteko.
Iturri juridikoek jakinarazi dutenez, pazienteen mediku probak dituzten datu biltegi eta gailu informatikoak biltzen saiatuko dira agenteak, jabeen esku uzteko, tratamendua jarraitu edo salaketa jarri ahal dezaten.
Guztira, 300 agentek parte hartu dute operazioan. Miaketak honako hiri eta herrietan egin dituzte: Gijon, Santa Marta de Tormes (Salamanca), Valladolid, Segovia, Zaragoza, Bartzelona, Tarragona, Girona, Castello, Valentzia hiriburua eta Alfalar (Valentzia), Albacete, Alacant, Elx, Murtzia, Almeria, Granada, Malaga, Kordoba, Sevilla, Puerto de Santa Maria (Cadiz) eta Las Palmas Kanaria Handikoa.
Epaileak ikerketa abiatu zuen uztailaren amaieran iDental kliniken arduradunen kontra, hainbat delitu egotzita: maula jarraitua, bidegabeko jabetzea, dokumentuak faltsutzea, iruzurrezko administrazioa, lesioak, osasun publikoaren kontrakoak, ondasunak ezkutatzea eta dirua zuritzea. Orduko hartan, 17 egoitza miatzea agindu zuen epaileak.
Iturri juridikoen arabera, Estatu osoan 400.000 kaltedun baino gehiago egon litezke. Ehunka salaketa aurkeztu dituzte kontsumitzaileek, eta epaileak 200 dokumentazio pieza baino gehiagotan ditu bilduta.
iDental klinikek zerbitzu odontologikoak eskaintzen zituzten prezio merkean. Pazienteek salatu dutenez, bankuek emandako finantzazioa eskaintzen zien klinikak, eta, horri esker, "zerbitzuaren kostuaren % 100 jasotzen zuen aldez aurretik. Gero, baina, trebakuntza ez zuten langileek artatzen zituzten, kalitate txarreko materiala erabiliz edota tratamenduak amaitu gabe utzita".