Gizartea -
Ez erantzun
Iruzur berria: SMS batek aberats egin nahi zaitu
Maula honetan izena emanez gero, bidaltzen dituenez gain, jasotzen dituen mezuengatik ere ordaindu beharko du erabiltzaileak.
Erredakzioa
Azken asteetan, erabiltzaile askok mezuari erantzunez gero "Rico Al Instante" saioan aberats egingo direla esaten duten SMS bat jaso dute. Gente Digital webgunean adierazi dutenez, Zed enpresak eta Antena3 Telebistak egindako iruzur bat da mezu hori.
Atari horretan ere Zed enpresak faktura telefonikoekin iruzurtutako erabiltzaileen ehunka salaketa dituela jaso dute. Gainera, Gente Digital atarian "kanpaina hauetan pertsonaia ospetsuak, kasu honetan Carlos Lozano aurkezlea, irudi eta erakargarri bezala erabiltzea" salatu dute.
Hala ere, kezkagarriena erabiltzaileak horrelako zerbitzu batean izena emanez gero ordaindu beharko dituen diru kopuruak dira; izan ere, bidaliko dituen mezuez gain, jasoko dituenak ere ordaindu beharko ditu: "Promozio honetan 1,42 euro ordainduko ditu bidalitako eta jasotako mezu bakoitzeko, hasiera batean 0,35 izango zirela esan arren". Horrez gain, izena emanez gero, erabiltzaileak " 1,42 euroko 25 SMS jasoko ditu, hilean eta, hortaz, 35,5 euro ordaindu beharko ditu bajan eman aurretik".
"Antena3k bidalitako mezuak mota honetako SMSak bidaltzeko dauden arauak urratzen ditu. Informazioaren gizartearen eta merkataritza elektronikoaren 34/2002 legeak jasotzen du: Debekatua dago korreo elektronikoaren edo beste edozein komunikabideren bitartez aurretik eskatu ez den publizitatea bidaltzea", azaldu du Samuel Parra datuen babesan adituak.