Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Bikotekide ohiari erasotzeagatik atxilotu dute Donostian

Ertzaintzak delituaren ustezko egilea biktima zegoen osasun-zentroaren itxarongelan aurkitu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako ertzain-etxeko agenteek 27 urteko gizonezko bat atzeman dute gaur goizaldean ustezko genero-indarkeria delitu bat egotzita, Herrizaingo Sailak adierazi duenez. Emakumea zegoen Donostiako osasun-zentroan harrapatu dute ertzainek ustezko egilea; erasoaldia Gipuzkoako beste herri batean jazo da.

Gaur 04:00ak aldera, Ertzaintzako patruila bat Donostiako osasun-zentro batera joan da; ustez bikotekide ohiak tratu txarrak eman dizkion emakumezko bat zaintzen ari ziren bertan.

Bikotekide ohiarekin liskarra izan duela eta halako batean gizonezkoak eraso egin diola baieztatu du biktimak. Gizonezkoak bultzatu egin duela eta bera lurrera jausi dela ere adierazi die agenteei; aurpegia eta lepoa gorrituta zeuzkan eta gorputzeko puntu ezberdinak minduta zituen.

Ertzainek gizonezkoa emakumea zegoen osasun-zentroaren itxarongelan aurkitu eta atxilotu egin dute, ustezko genero-indarkeria delitu bat leporatuta. Beharrezko izapideak burutu bezain laster, atxilotua epailearen esku jarriko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea