Gizartea -
Velez-Malaga
Hiru atxilotu, erretzeari uzteko eskatu zieten poliziak jotzeagatik
Tabernan zegoen bezero batek honakoa esan dio agenteetako bati: "Droga da bilatu behar duzuena; har ezazu kafea eta zoazte kalera, zigarro bat erretzen baino ez naiz ari. Nahi dudalako erretzen dut".
Erredakzioa
Hiru gizon atxilotu dituzte Velez-Malaga herrian (Malaga) taberna baten erretzeari uzteko eskatu zieten bi udaltzain ustez jotzeagatik.
Bart 23:00ak aldera, bi polizia taberna batera sartu ziren kafe bat hartzera eta hiru lagun ikusi zituzten bertan erretzen, Velez-Malagako Udalak gaur zabaldutako ohar batean jakinarazi duenez.
Orduan erretzeari uztea eskatu zieten eta ezetzaren aurrean, nortasun agiriak eskatu zizkieten salaketa bideratzeko. Bezeroetako batek ez zuen nortasun agiria eman nahi izan eta honakoa esan zion agenteetako bati: "Droga da bilatu behar duzuena; har ezazu kafea eta zoazte kalera, zigarro bat erretzen baino ez naiz ari. Nahi dudalako erretzen dut".
Udalaren oharraren arabera, gizon hori polizia-autoan sartzen ari zirenean, berarekin tabernan zeuden beste bi lagunak oldartu egin ziren eta liskarra hasi zen; polizietako batek ukabilkada bat jaso zuen aurpegian eta besteak, gorputz osoan kolpeak ditu.