Gizartea -

Panticosa (Huesca)

Hilik aurkitu dute Panticosan lurperatutako mendizale nafarra

34 urteko gizonezkoa mendizale errioxar batekin zen. Honek izotz plaka bati heldu zion eta onik atera zen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak hilik aurkitu du atzo elur-jausi baten ostean Panticosan (Huesca) desagertutako mendizale nafarra. Atzo 20:00etan utzitako bilaketa lanei ekin diete gaur goizean.

Hilotza bi metro inguruko sakoneran zegoen, bigarren elur-jausiaren lehen herenean. Erreskate lanak 12:30etan amaitu dituzte eta gorpua Jakako Ospitaleko gorputegira eraman dute.

Diario Navarra egunkariaren edizio digitalaren arabera, 34 urteko gizonezkoa Los Arcoseko auzokidea da eta Logroñoko lagun batekin zen elur-jausiak ezustean harrapatu zituenean. Errioxako mendizaleak izotz plaka bati heldu zion eta onik atera zen.

Bi mendizaleak Sabocosera igo ziren "Panticosa Ice" izenaz ezaguna den bidetik. Jaisten ari zirenean, elur-jausiak ezustean harrapatu zituen. Izotz plaka handiak zeramatzan, baina Los Arcoseko mendizaleak ezin izan zuen bat berari heldu eta lurperatuta geratu zen.

Bere lagunak laguntza eskatu zuen 13:10 aldera. Guardia Zibilaren mendi taldeko berrogei bat agente, hiru txakur eta helikoptero bat mendizalearen bila aritu ziren iluntzeko zortziak arte. Horrez gain, Panticosako eski-guneko hamar langile erreskate lanetan lagundu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea