Gizartea -

Igandean

Lau atxilotu Bilbon eta Donostian, genero-indarkeria egotzita

Azken 24 ordutan, Bilbon bi gizonezko eta Donostian beste bi gizonezko egin dituzte preso, ustez emakumeei tratu txarrak emateagatik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lau lagun atxilotu ditu Ertzaintzak azken 24 ordutan, genero-indarkeria egotzita: Bilbon bi gizonezkoak eta beste bi Donostian.

Barteko 03:00etan Bilboko Zabalbide kalera bertaratu zen Ertzaintza. Herritar batek abisua eman ondoren, lurrera bota zuten eta eraso egin zioten emakumea aurkitu zuen Ertzaintzaren patruilak. Ezkerraldeko kokotsean eta aurpegian urradurak zituela ohartarazi zuten agenteek. Gainera, ahotik odola zerion. Ertzaintzak 50 urteko gizonezkoa identifikatu eta atxilotu zuen, genero-indarkeria delitua egotzita.

Emakumeen kontrako indarkeriaren bigarren kasuan, 30 urteko gizonezkoa egin zuen preso Ertzaintzak, atzo, igandea, 21:00etan. Bikoteak tratu txarrak emateagatik gizonezkoa salatu zuenean, agenteek atxilotu egin zuten.

Donostiako atxilotuei dagokionez, Duque de Mandas kalera bertaratu zen Ertzaintza barteko 05:00etan, bi lagunen arteko liskar batengatik. Bertan, aurpegian erasoak jasan zituen emakumea aurkitu zuten agenteek eta hurbilean kotxe batean zebilen 32 urteko bikotea preso eraman zuten.

Beste gizonezkoa, 39 urtekoa, Donostian ere atxilotu zuten atzo, igandean, 20:20ean, ustez emakumeen kontrako delitua leporatuta. Herritar batek abisua emanda, Madrid Hiribidera hurbildu zen Ertzaintza eta eztabaida bizian zegoen bikote bat aurkitu zuen. Bikoteak eraso egin ziola salatu zuen emakumeak eta lekuko batek baieztatu ondoren, gizonezkoa atxilotu zuten agenteek.

Genero indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzeko telefono-zerbitzua: 900 840 111 - 016

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea