Gizartea -

Hanka-sartzea

Euskadi Gaztela-Mantxan kokatzen zuten 23.000 turismo gida erretiratu dituzte

Okerraren berria sare sozialetan berehala zabaldu da, eta adierazpen eta txantxa ugariren jomuga izan da.

Turismo gida. Irudia: EiTB
Turismo gida. Irudia: EiTB
Euskadi Cuencan kokatzen duen gida bat kendu behar izan du Turismo sailak

1:35

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

23.000 turismo liburuxka zirkulaziotik kendu behar izan ditu Eusko Jaurlaritzak; horietako batzuk turismo-bulegoetan banatu zituzten dagoeneko. Argitalpenean, Europako mapa batean, Euskadi geografikoki Gaztela-Mantxako lurraldearen barruan kokatzen dute.

Liburuxkaren kontrazalean bi mapa agertzen dira. Goialdean Euskadiren mapa agertzen da hiru hiriburuetako izenekin. Behealdean beste mapa batek Europako zati bat nabarmentzen du, eta puntu gorri batekin Euskadi Espainiako Estatuan non kokatzen den azaltzen du. Puntu hori Gaztela-Mantxan dago.

Hanka-sartzearen berria sare sozialetan berehala zabaldu da, eta adierazpen eta txantxa ugariren jomuga izan da: “Eusko Jaurlaritzaren turismo gida batek Euskadi Cuencara begira jarri du”, “Euskal herritarrek Euskadi nahi dugun tokian kokatzen dugu”, “Cuenca ere Euskadi dela ez da izango?”

EH Bildu koalizioak ere okerra aprobetxatu du txio batean: “Ez da hain arraroa! Jaurlaritzak nora doan ere ez badaki, nola jakingo du non dagoen!”.

 

 

Alfredo Retortillo sozialistak zuzendutako Turismo Sailak hanka-sartzea onartu du, baina Sailaren erantzukizuna ez dela azpimarratu du.

Bell enpresak Sailarentzako egin zuen diseinua “guztiz zuzena” zela azaldu du Exekutiboak. Ondoren Eusko Jaurlaritzaren argitalpen zerbitzura bidali zuten.

Turismo Saila: "Okerra fotokonposizio eta inprimatze prozesuan egin behar izan dute"

“Ondorioz, okerra fotokonposizio eta inprimatze prozesuan egin behar izan du zerbitzuak”, azpimarratu du Turismo Sailak.

Guztira, 23.000 gida inprimatu zituzten hanka-sartzearekin, konkretuki ingelesez. Gainerako hizkuntzetan argitaratutakoetan Euskadiren kokapena zuzena da, iturriek baieztatu dutenez.

23.000 liburuxketatik 18.000 oraindik ez ziren banatu eta biltegi batean zeuden. Bitartean, gainerakoak turismo-bulego sarean banatu ziren, ondoren azoketan eta Euskadiren sustapenerako ekitaldietan erabiltzeko.

Liburuxkaren bat hanka-sartze horrekin Euskaditik kanpo banatu ote den ez dakitela ziurtatu du Sailak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bitxikeriak WhatsApp Turismoa Euskadi Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Sare sozialak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak