Gizartea -
Harrapaturik
Juan Jose Agirre EAko zinegotzi ohia hil da Durangon, garajean ezbeharra izan ondoren
Antza denez, gizonak sarrerako aldapan gelditu du autoa eta atea irekitzen hasi da. Orduan autoa maldan behera abiatu da, antza, esku frenoa jarri gabe zuelako.
EITB.EUS
69 urteko gizon bat hil da bart Durangon, autoa garajean sartu nahian ari zela ibilgailuaren eta hormaren artean harrapatuta gelditu ostean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i baieztatu dionez.
Hildakoa Juan Jose Agirre EAko zinegotzi ohia da, Udaleko iturriek baieztatu dutenez. EAJ-EA koalizioan parte hartu zuen zinegotzi ohiak.
Istripua 01:30ean gertatu da Askatasuna etorbidean.
Antza denez, gidariak sarrerako aldapan gelditu du autoa, esku frenoa jarri gabe, eta atea zabaltzeko giltza sartu duenean autoa maldan behera abiatu da.
Hormaren eta autoaren artean harrapatuta gelditu da eta bertan hil da.
Agirre 1995etik 2007ra bitartean Durangoko Udalaren zinegotzi izan zen, hiru legealdi, hain zuzen ere. Agintaldi horietan Pilar Ardanza jeltzalea izan zen alkate, eta beranduago Juan Jose Ziarrusta (EAJ).