Gizartea -
Aurrematrikulazio kanpaina
Ikastolek 'konfiantza' eskaini dute eleaniztasunaren inguruan
Ikastolen Elkartearen arabera, "eleaniztasunari, hizkuntza ereduei eta euskal kurrikulumari buruzko eztabaidak kezka" eragiten du.
Erredakzioa
Ikastolek aurrematrikulazio kanpaina aurkeztu dute gaur eta "eleaniztasunari, hizkuntza ereduei eta euskal kurrikulumari buruzko eztabaidak" eragiten duen "kezka"ren aurrean haiek "konfiantza" eskaintzen dutela esan dute.
Azken hiru urteetako joerari eustea espero dute ikastoletako arduradunek, hau da, ikasleen % 13 eta % 14 artean bere zentroetara joango direla.
Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidenteak esan du ikastolak dagoeneko beteta daudela eta finantziazio publikoa beharko luketela plaza gehiago edukitzeko eta eskariari erantzuteko.
"Pena handia ematen digu, baina familia askori ezetz esan behar diegu gure bulegoetara etortzen direnean", azpimarratu du Tellituk. "Administrazioaren irizpidea" kritikatu du "zentroak aukeratzeko askatasuna ukatzen" duelako "eta ikastolekiko joera sozial naturala itxuraldatzen" duelako.
EAEn bihar hasiko da prematrikulazio kanpaina (prematrikulazioa urtarrilaren 31tik otsailaren 11ra izango da) eta "konfiantza ematen duten hiru pertsona" erabiliko dituzte irudi gisa: Pedro Miguel Etxenike fisikaria, Kirmen Uribe idazlea eta Kontxu Odriozola aktorea.
Nafarroan otsailaren 7an hasiko da eta astebete iraungo du, eta "goranzko joerarekin" jarraitzea espero dute.
Iparraldean urte osoa dute matrikulatzeko.