Gizartea -

SUTEA

Hiru eraikin hustu dituzte Elgoibarren, sute baten ondorioz

08:00ak inguruan piztu da sua, Errosario kaleko eraikin batean. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, hutsik zegoen etxebizitza batean piztu da sua.

Sute bat piztu da Elgoibarren, eta hiru eraikin hustu behar izan dituzte

0:41

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru eraikin hustu dituzte gaur goizean Elgoibarren, etxebizitza batean sutea piztu ondoren.

08:00ak inguruan piztu da sua, Errosario kaleko 4 zenbakidun eraikinean. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, hutsik zegoen etxebizitza batean piztu da sua. Sugarrek ondoko eraikinei ere eragin dizkiete, kale bereko 6. eta 8. zenbakiei, hain zuzen ere.

Ezbeharrak kalte handiak eragin ditu sutea hasi den hiru solairuko eraikinean, baita ondoko bi eraikinetan ere, batez ere keagatik eta sutea amatatzeko suhiltzaileek erabilitako uragatik.

Eibarko, Azpeitiko eta Oñatiko suhiltzaile-parkeetako hainbat dotaziok hartu dute parte itzaltze lanetan. Goiz erdirako, sua kontrolpean zuten. Dena dela, suhiltzaile talde txiki batek bertan jarraituko du, baliteke gau osoan zehar ere, sutea berriro piztuko ez dela bermatzeko, Udaletxeko iturriek jakinarazi dutenez.

Sugar handiak zabaldu dira, eta denera hiru eraikin hustu dituzte, badaezpada. Orain arte zabaldutako informazioaren arabera, inork ez du minik hartu.

Euren etxebizitzetatik irtenarazitako auzokideek ezingo dute momentuz itzuli: gehienak senideen eta lagunen etxeetan daude, familia bat salbu, hori ostatu bila dabilelako. Udalak iragarri du familia horiei laguntza eskainiko diela.

Elgoibarreko Udalak webgunean eskegitako ohar baten bidez jakinarazi duenez, Errosario kaleak itxita jarraituko du, "segurtasuna tarteko", gutxienez astelehenera arte.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Elgoibar Suteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak