Gizartea -

2018ko Nobel Sariak

2018ko Nobel Sarien irabazleak ezagutzeko gida

Urriaren 8ra bitartean ezagutuko dira irabazleak, eta abenduaren 10ean emango dituzte sariak, Nobelen heriotzaren urteurrenean, Stockholmgo Konserthusen eta Osloko udaletxean.

Estokolmoko Konserthus aretoan izango da sariak emateko ekitaldia / Argazkia: Wikipedia.
Estokolmoko Konserthus aretoan izango da sariak emateko ekitaldia / Argazkia: Wikipedia.
Estokolmoko Konserthus aretoan izango da sariak emateko ekitaldia / Argazkia: Wikipedia.

M. D. | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2018ko Nobel sarietako irabazleak, bost kategoriatan, urriko lehenengo astean emango dira ezagutzera. Aurten ez dute Literaturakoa emango, Suediako Akademiaren eskandaluagatik.

Medikuntza edo Fisiologia kategoriakoa izan da lehenengoa. Karolinska Institutuak ematen du. James Allison eta Tasuku Honjo izan dira saridunak, sistema immunearen erregulazio negatiboaren inhibizioan oinarritutako minbiziaren harira garatutako terapiengatik.

Asteartean eman du Fisikako Nobel sariaren irabazleen berri Suediako Zientzien Errege Akademiak. Arthur Ashkin, Gerard Mourou eta Donna Strickland fisikarientzat izan da, "laser izpien fisikaren alorrean egindako aurrerapen iraultzaileengatik".

Frances H. Arnold eta George Smith kimikari estatubatuarrek eta Gregory P. Winter britainiarrak lortu zuten asteazkenean Kimikaren Nobel saria, genetikaren arloan egindako lanagatik. Hain zuzen ere, "gizateriaren arazo kimikoei irtenbidea ematen dieten proteinak garatzeagatik" irabazi dute saria, Suediako Zientzien Errege Akademiak iragarri duenez.

Bakearen aurtengo Nobel saria emakume batek eta gizon batek eskuratu dute, Denis Mukwege kongoarrak eta Nadia Murad irakiarrak, hain justu. "Sexu indarkeria gerrarako arma gisa eta gatazka armatuetan ez erabiltzeko egindako lanagatik" hautatu ditu Norvegiako Batzordeak.

Azken kategoria, Ekonomiakoa, urriaren 8an, astelehenarekin, emango dute ezagutzera, 11:45etik aurrera. Suediako Bankuak ematen du sari hori.

Literatura gabe

Nobel sarien 117 urteetako historian zehar, 49 aldiz ez da kategoriaren batean eman. 1972an gertatu zen azken aldiz. Bakearen Nobel saria eman gabe geratu zen.

Suediako Akademiak 7 aldiz ez du Literaturako Nobel saria eman, eta beste batzuetan urtebete atzeratzea erabaki da, XX. mendeko munduko gerren ondorioz edo hautagai egokirik ez zegoelako.

1949an atzeratu zuten azkenengoz, baldintza guztiak betetzen zituzten hautagairik ez zegoelako erabaki baitzuten. Hurrengo urtean, beraz, bi idazle saritu zituzten: William Faulkner eta Bertrand Russel.

Aurten, maiatzean iragarri zuen Akademiak saria atzeratuko zuela, sexu-eskandalu baten ondorioz erakundeak konfiantza galdu duelako. Gainera, urriaren 1ean, bi urteko kartzela-zigorra ezarri diote Jean-Claude Arnault 72 urteko argazkilari frantziarrari, egotzitako bi bortxaketa kasuetako batengatik zigortu ostean.

Noiz banatuko dira?

Abenduaren 10ean emango dituzte sariak, Alfred Nobelen heriotzaren urteurrenean. Stockholmgo Konserthus aretoan eta Osloko udaletxean emango dituzte. Izan ere, Norvegiako hiriburuan Bakearen Nobel saria ematen da, Suediako handikiak eskatuta. Bere garaian, Suediako Erreinuaren parte zen Norvegia.

Alfred Nobelen sorkuntza

1896an hil zen Nobel. Bere asmakuntzekin lortutako aberastasuna gizateriari ongia ekartzen dioten pertsonak saritzeko ematea erabaki zuen. Dinamita asmatu izanak, eta horrek gudetan eragindako mina dela eta, asko sufritu zuen, eta testamentuan idatzita utzi zuen bere aberastasuna balore seguruetan inbestitzeko eta bost kategoriatan banatzeko agindua.

Ekonomiakoa da Nobelek berak testamentuan ezarri ez zuen sari bakarra. 1969tik ematen du Suediako Bankuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nobel sariak Gizartea Ekonomia Literatura