Itxi

Gizartea

Epaiketaren lehen saioa

Bi ikasturtez jasandako sexu-abusuen berri eman du Gazteluetako ikasle ohiak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Salatzaileak ziurtatu du "blokeo egoera" eragin ziotela abusuek, bere buruaz beste egiteko zorian egon zela eta "lotsa eta errua" sentitu zuela gertatutakoa lehenago ez kontatzeagatik.

1:24

Opus Deiren Gaztelueta Ikastetxeko J.M.M. irakaslea sexu-abusuengatik salatu zuen ikasle ohiak adierazi du bi ikasturtez hainbat eraso jasan zituela eskola horretan.

Salatzaileak ziurtatu du "blokeo egoera" eragin ziotela abusuek, bere buruaz beste egiteko zorian egon zela eta "lotsa eta errua" sentitu zuela gertatutakoa lehenago ez kontatzeagatik.

Akusatuak, bestalde, fiskalak egindako galderei erantzun, baina iskin egin die akusazio partikularrak planteatutako zalantzei. Nolanahi dela, errefusatu egin du salatzailearen akusazioa: "Ez dut sekula inorekin halakorik egin", berretsi du.

Akusazio partikularrak 10 urteko espetxe zigorra eskatu du irakasle ohiarentzat. Fiskaltzak, berriz, hiru urteko zigorra galdegin du. Bien bitartean, abokatu defendatzaileak akusatua aske uzteko eskaera egin du.

Ustezko abusuak duela hamar urte gertatu ziren, biktima Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako ikasketak egiten ari zenean. Orduan, 12 eta 13 urte zituen.

2014an, ikasle ohiaren gurasoek Frantzisko aita santuari jakinarazi zioten Gazteluetan jazotakoa.

Senitartekoaren adierazpena

Gazteluetako ikasle ohiaren gurasoek 2013an jarri zuten salaketa, semea Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailan ikasten ari zenean.

Familiak aitortu zuenez, bulegoan ikaslearekin izandako bilerak aprobetxatzen zituen irakasleak sexu-abusuak egiteko. Hain zuzen ere, ikasketa prozesuaren segimendua egiteko aitzakiarekin deitzen zuen bulegora 12 urteko haurra. Ondorioz, ikasleak arazo psikologikoak izan zituen, hainbat adituren txostenek erakutsi zutenez.

Biktimak 18 urte bete zituenean, Justiziara jo zuen gertatutakoa salatzeko. Horren aurrean, Fiskaltzak "sexu-abusu jarraitua" egotzi zion haren irakasle izan zenari, eta hiru urteko kartzela-zigorra eskatu zuen harentzat.

Halaber, 40.000 euroko kalte-ordaina eta ikastetxea erantzule zibil subsidiariotzat jotzea eskatu zuen.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena